Zigor Goikoetxeak ukatu egin du Marisa Arrue PPko zinegotzia mehatxatu zuela

Getxoko San Lorenzo azokan Arrueri mehatxu egitea egotzita epaitu dute, sei urteko kartzela eskaera aurrean duela

Erredakzioa
2009ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Iazko Getxoko San Lorenzo azokan Marisa Arrue PPko zinegotziari mehatxu egin izana egotzita epaitu zuten Zigor Goikoetxea gazte getxotarra atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Arruek berak abuztuaren 10 hartan Goikoetxeak mehatxatu egin zuela salatu, eta abuztuaren 25ean atxilotu zuten gaztea. Preso dute ordutik, badaezpadako neurri gisa. Atzo epaitu zuten, «mehatxu terroristak» egin izana leporatuta. Sei urteko kartzela zigorra eskatu zuten hargatik fiskalak eta akusazio partikularrak, eta absoluzioa defentsak.

Arruek epaileari kontatu zionez, zinegotzia PPko beste zinegotzi batzuekin azoka inguruko taberna batean zegoela, hamar bat laguneko talde bat iseka hasi zitzaion. «Faxistak», «espainolak» eta «torturatzaileak» oihukatu, eta «ari, ari, ari, Marisa lehendakari» kantatuz burla egin zion. Zinegotzien bizkartzainak gazteengana joan, eta tirabirak hasi ziren, Arrueren esanetan. Gero, atzamarra Arruerengana zuzenduta, «bost urte baino lehen hilko zaitugu», esan zuen Goikoetxeak, PPko zinegotziaren ahotan. «Beldur handia» pasatu zuela ere esan zion epaileari. Eta Goikoetxea ikusten duen bakoitzean ikaratu egiten dela, 2002ko udalbatza batean ere mehatxatu zuelako.

Froga argigarririk gabe

Getxoko PPko beste hiru zinegotzik eta bizkartzain batek ere «beldurra» pasatu zutela kontatu zuten, lekuko gisa aritu zirenean. Espainiako bi poliziek eta bi udaltzainek zein defentsaren lekuko batek, taberna hartan tirabirak egon zirela kontatu zuten, baina, beraiek behintzat, ez zutela mehatxurik entzun.

Goikoetxeak berak, ez zuela inolako liskarretan parte hartu azaldu zuen. Taberna hartan sagardo bat hartu zuela, baina ez zuela Arrue ikusi ere egin. Ez duela sekula zinegotzirik mehatxatu esan zuen, eta errugabea dela.

Gauzak horrela, absoluzioa eskatu zuen defentsako abokatuak, hala ez egiteak ekar dezakeen «arriskuaz» ohartarazita. Abokatuaren esanetan, inolako frogarik gabe zigortu nahi da Goikoetxea, eta, urrats hori egiten bada, nahikoa izango da PPko zinegotzi batek edozein gazte salatzea gazte hori espetxera igortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.