Zigor Salaren osoko bilkurak aztertuko ditu 'Faisan auziko' helegiteak

Pablo Ruz epaileak darama kasua, eta ez ditu onartu hiru poliziaburuek aurkeztutako helegiteak

2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren osoko bilkurak aztertuko ditu Faisan auzian auzipetuta dauden hiru poliziaburuek aurkeztutako helegiteak. Erabaki hori hartu du Javier Gomez Bermudez Zigor Salako presidenteak, gaiak duen «zailtasunagatik eta garrantzia juridikoagatik».

Enrique Pamies, Jose Maria Ballesteros eta Victor Garcia Hidalgo poliziaburuek helegiteak aurkeztu zituzten Pablo Ruz kasua daraman epaileak ezarritako epaiaren aurka, baina epaileak ez zituen onartu. Hori dela eta, Zigor Salaren bigarren sekzioaren ardura zen helegiteak aztertzea, baina Gomez Bermudezek hartu duen erabakiarekin, osoko bilkura osatzen duten hemezortzi epaileek aztertuko dituzte errekurtsoak.

Poliziaburuak auzipetzeak eztabaida piztu du: ETArekin kolaboratzeagatik delitua egin ote zuten, edo soilik sekretua ezkutatzeagatik eta jakinarazteagatik. Auzipetuek azken delitua egin bazuten, Irungo (Gipuzkoa) epaitegiari egokituko litzaioke kasua aztertzea.

«Ezagutza eta borondatea»

Ruzen ustez, «ekintzak egin zituztenek ezagutza eta borondatea» zuten egin zutena egiteko, eta horregatik, «Espainiako Poliziak ez zituen atzeman ETAren estortsio aparatuak bildutako 54.000 euroak».

Auzipetuek aurkeztutako helegiteak aztertu eta gero, epaileak kaleratutako autoan dioenez, ikerketan bildutako zantzuei jarraituz, bildutako dirua «erakunde terroristaren edo hura osatzen duen ustezko kideren baten esku utzi zen, erakunde horrek bete eta burutu nahi dituen ekintzetarako».

Helegiteak ez onartuz, gainera, Ruzek berretsi egin du hainbat auzipetuk defentsa moduan aurkeztutako hipotesiak ez duela «oinarri sendorik».

Hori hala, Ruzek dio hiru poliziaburuek ETArekin kolaboratzeagatik delitua egin zutela, eta horretan oinarrituta ez ditu onartu poliziaburuek aurkeztutako helegiteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.