Antolakuntzaren arabera, 4.000 lagun elkartu dira Bilboko Miribilla kiroldegian. Aro berriari bultzada emateko helburua izan du ekitaldiak, "ETAren amaieraren ondoren ireki den aro berriari bultzada ematea".
Ezker abertzalearen erreferentzia historiko, ideologiko eta politikoz josita egon da. Hainbat bitarteko erabili dituzte: bideoak eta ezker abertzaleko belaunaldi ezberdinetako militanteen mintzaldiak, bereziki.
Ekitaldiaren hasieran, irudi bilduma bat proiektatu dute. Gernikako bonbardaketatik hasita —biktima izandakoen izenak banan-banan irakurri dituzte—, gaur egunera artekoekin —azken 40 urteetan hildakoen izen ugari ere aipatu dituzte—.
Horren ostean, nazioartetik ekitaldira etorritako eragileek parte hartu dute. Uruguai, Nikaragua, El Salvador, Sahara, Kurdistan, Palestina, Kolonbia, Korsika eta Irlandako "burkideak” izan dira han. Bereziki, Palestinako egoera izan dute gogoan.
Sorturen zuzendaritza nazionaleko kide Elena Belokik, berriz, ezker abertzaleak nazioartean izan dituen aliatu eta erreferenteak azpimarratu ditu, eta azpimarratu du aurrerantzean ere beste borroka batzuekin batera jardungo dutela. "Duela 60 urte bezala, munduko beste esperientzia batzuekin batera, askatasunen bidean jarraitzen dugu, eta herritik sortu zen indar horixe gara”, adierazi du.
Presoak eta "betoak"
Gonbidatuen artean, Jean Guy Talamoni Korsikako Asanbleako lehendakariak hartu du hitza. Gabriel Aresti olerkariaren hitzak izan ditu gogoan. Euskal Herriaren independentziaren aldeko mugimenduekiko elkartasuna agertu du, eta "desagertzeari uko egiten dioten herrien batasuna" aldarrikatu.
Korsikaren independentziaren alde hildakoak gogoratu ditu Talamonik. "Lagunak galdu genituen, baina ez genuen atzera egin”. Eta egun preso direnen alde han egiten duten borroka azaldu du. “Korsikan amnistia lege bat sortu nahi dugu preso eta iheslarientzat, eta badakigu gai hori zeinen garrantzitsua den Euskadin".
Ondoren, Sinn Fein alderdiaren lehendakariorde Michelle O'Neillek hartu du hitza. ETAren desegitea izan du hizpide. "Une historikoa da Europa osorako". Erabakiagatik zoriondu egin du erakunde armatua, eta baita Euskal Herriko gizarte zibila ere.
“Bakea egitearen” garrantzia azpimarratu du O'Neillek, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu die euskal presoen gaiari heltzeko “era eskuzabalean". Bake prozesua “egonkortzeko” ezinbesteko jo du presoen urruntzea amaitzea.
Etorkizuneko erronken arloan ere auzi politikoari heldu beharra azpimarratu ditu: "Gai guztiak egon behar dira mahai gainean; ezin dira egon aurrez ezarritako betoak”.
Nazioarteko eragileen ostean, iaz espetxean hildako Kepa del Hoyoren semeak eskutiz bat irakurri du, presoen izenean, eta hainbat preso ohi igo dira oholtzara, txalo artean —aurretik, Graxi Etxebeherek babes eta elkartasun hitzak eskaini dizkie—. Mikrofonotik, preso ohiek kartzelan daudenak izan dituzte gogoan, eta etorkizunera begirako mezua helarazi dute. "Espetxeratu gintuzten herriaren alde egiteagatik. Zuekin guztiekin aktibo bat izan nahi dugu bake prozesu honetan”, adierazi dute.
Azkenik, militante gazteenekin batera igo da oholtzara Arkaitz Rodriguez Sorturen idazkari nagusia. “Aro berriaren” oinarriak zein izan behar duen azpimarratu du. “Orain, irabaztea tokatzen zaigu. Irabaztea zer den? Aldaketa politikoa gauzatzea, burujabetzaren aldeko herri prozesu bat artikulatzea eta estatu bat ezkerretik eraikitzea, eredu ekonomiko eta sozial bidezkoa izan dezan”.
Ekitaldian izan da Iñigo Astiz BERRIAko kazetaria, gertatutakoaren berri ematen: