AZPIEGITURAK

Zirkulazioa gutxitzeko?

Donostiako 2. ingurabidea 2009rako bukatu nahi du Diputazioak eta Urumeako autobia 2007. urtean iritsiko da Donostiara

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
DONOSTIA
2005eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
85.000 ibilgailu, egunero-egunero. Horixe da Donostiako saihesbidetik egunero igarotzen den ibilgailu kopurua. 85.000 horietatik, 23.000 kamioiak dira. Egun batzuetan, gainera, ibilgailuen joan-etorriak gora egiten du. 2003ko datuen arabera, batez beste 109.711 ibilgailu pasatu ziren egunero Intxaurrondotik eta 106.499 Aietetik.

A-8 autobidean zirkulazioak gora egin du nabarmen 1980tik hona; Gipuzkoako zati zenbaitetan boskoiztu eta laukoiztu egin da. Horrek arazoak eragiten ditu maiz errepidean, eta euria egin bezain pronto, istripuak nonahi gertatzen dira. Obrak direla edota auto istripuak direla, ia egunero daude auto ilarak. Erabiltzaileen pazientzia agortu dute. Gaur egungo garraio politika aldatu ezean, behintzat, ez dirudi auto eta kamioi kopurua gutxituko denik. Diputazioak errepide berriak eginez eman nahi dio arazoari konponbidea. Horixe egin du orain arte; baina arazoak hor jarraitzen du. «Donostia inguruko trafikoa arintzeko», bi proiektu ditu esku artean: Donostiako bigarren ingurabidea eta Urumeako autobia. Horiez gainera, Gipuzkoan errepide gehiago egingo dira: A-8 autobidean bideak gehituko dituzte, Eibar-Gasteiz autobidea, eta Beasain-Durango (Bizkaia) ardatza. Errepide berriek, ordea, gutxituko edo arinduko al dute gaur egungo zirkulazio handia? Ikusteke dago. Historiak eta aurreikuspenek, ordea, ezetz diote. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak berak ostiralean esan zuenez, Euskal Herriko errepideak 2010. urtean gainezka egongo dira. Horregatik, errepideari alternatibak bilatu behar zaizkiola esan zuen, hala nola, trena edota itsasontzia. Bere esanetan, egungo egoera «iraultzeko» abiadura handiko trena (AHT) «giltzarria» izango da. Javier Zuriarrain Gipuzkoako Bide Azpiegituretarako diputatuak Berrian eginiko elkarrizketa batean esan zuenez, AHTk Gipuzkoako errepideetatik kamioien %7 inguru kenduko ditu. «%7 kenduko balitu, konformatuko ginateke». Beraz, %7 kenduko dituen ere ez dago garbi. Datu horrek zalantza jartzen du AHT alternatiba ote den.

Lanak hastear daude

Donostiako bigarren ingurabidea egiteko lanak udaberrian hasiko dituzte. Donostia, Errenteria, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbilgo udalerriak lotuko ditu. 16,2 kilometro izango ditu eta ordaindu egin beharko da. 2009rako amaituta izango da, eta egunero 50.000 ibilgailuk baino gehiagok erabiliko dutela aurreikusten du Diputazioak. Diputazioak proiektua aurkeztu zuenean 220 milioi euroko aurrekontua izango zuela esan bazuen ere, urtebete geroago igo egin da nabarmen hasierako diru kopurua: 300 milioi euro gastatuko dituela aurreikusten du orain Foru Aldundiak.

Donostiako inguruetan eraikitzen ari den beste errepidea Urumeako autobia da. Errepide horren bitartez Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga, Martutene eta Donostia lotuko dira. Donostiara 2006. urtean iristea aurreikusten da. Hernani eta Donostia arteko ibilbidea bi zatitan egingo dute: Hernani-Martutene (lanak hasita daude) eta Martutene-Donostia (urte amaieran hasiko dituzte). Azken zati horrek 1,4 kilometro ditu eta autobia Donostiako Loiola auzoko erriberatik barrena sartuko da Donostiara. Azken 500 metroak lur azpitik egingo ditu. Proiektu guztiko zatirik garestiena izango da: 24 milioi euro. Errepidea egiteko ia 170 milioi euro gastatuko ditu Diputazioak.

Gipuzkoako beste proiektuak





Gipuzkoako Diputazioak, Donostiako bigarren ingurabidea eta Urumeako autobia egiteaz gainera, errepide gehiago egingo ditu 2010. urtea bitarte. Grafikoan ikusten den bezalaxe, lehen mailako errepide sareak errotonda handi baten itxura hartuko du bost urte barru. Hona hemen proiektu nagusiak:

Eibar-Gasteiz autobidea (AP1): Eibar eta Gasteiz lotuko dituen autobideko zenbait zati jada irekita daude: Eibar-Bergara iparraldea, Bergara iparraldea-Bergara hegoaldea eta Bergara-Arrasate. Eibartik Arrasate arteko errepidea irekita dago. Gipuzkoako zatiari dagokionez (guztira 31,6 kilometro), bi zati falta dira: Arrasate-Eskoriatza eta Eskoriatza-Arlaban (lanean). Autobide osoa, Gasteiz arte, 2007an bukatuko dute. 900 milioi euro gastatuko dituzte. Errepide horrekin kamioiek N-1en alternatiba izango dutela dio Diputazioak, eta, ondorioz, N-1 asko arinduko dela.

A-8 autobidea: A-8 autobideko Gipuzkoako zatian, noranzko bakoitzean, bi bidetik hirura pasatuko da. Autobideko bi gune aldi berean obretan ez edukitzeko, errepidearen 53 kilometroko eremuan, lanak zatika egingo dituzte. Ondorioz, zazpi urtez atzeratu da lanak amaitzeko epea (2019an amaituko da). Intxaurrondo eta Pasaia arteko gunean hiru bideak irekita daude uztailetik. Orain Oiartzun eta Irungo Katea arteko zatian ari dira lanean. Abenduan zati horretako lanak amaituta, Orio eta Aritzeta artekoa (2006-2007) eta Zarautz eta Orio (2007-2008) egingo dituzte. 2008an amaituko dute lanen lehen fasea, eta 2009an hasiko dituzte beste zatiak: (Zumaia-Zarautz (2009-2012), Itziar-Zumaia (2012-2014), Elgoibar-Itziar (2014-2016) eta Maltzaga-Elgoibar (2017-2019). Aurrekontua 305 milioi eurokoa da.
Beasain-Durango errepidea: Beasain, Ormaiztegi eta Zumarraga lotzen dituen zatia jada irekita dago; Zumarraga-Urretxu (2006-2010) eta Urretxu-Bergara (2008-2010) zatiak egingo dituzte hurrena. Bergaran AP-1ekin lotuko da Arrasateraino, eta Kanpanzarren, Bizkaiko zatiarekin lotuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.