Ziurgabetasunaren beldur

Nafarroako institutuetan kezkaz hartu dute lantaldeen zerrenda murriztu izana; irakasleen zama handitu eta egungo arazoak areagotuko direla diote zentroek.

edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Esaldi bat errepikatzen dute Nafarroako institutuetako arduradunek: «Ikusiko dugu hurrengo ikasturtean zer gertatzen den; ea nola moldatzen garen; ea nola antolatzen dugun gure lana». Ziurgabetasuna da nagusi, Hezkuntza Departamentuak ezarritako murrizketen ondorioz. Ziurgabetasun horrek izanen dituen ondorioen beldur dira.

Bigarren Hezkuntzan 200 irakasle gutxiago arituko dira datorren ikasturtean. Institutu gehienetan sumatuko dute murrizketa horren eragina. Berako Toki Onan, lau-bost irakasle galduko dituzte; bi eta erdi, Elizondo-Lekarozkoan; sei-zazpi gutxiago izanen dira Iruñeko Iturrama institutuan —oraintxe amaituko den ikasturtean, aurrekoan baino lau gutxiago izan dituzte—; zazpi irakasle galduko ditu Iruñeko Biurdanak ere; eta hamabi inguru Burlatako Askatasunak, murrizketen ondorioaz gain ikasle kopuruak ere behera egin duelako, ikastetxearen lan eremua moldatu eta gero.

Etsita

«Galerak denoi eragiten digu», erran du Toki Onako zuzendari Encarni Peñak. «Hezkuntza publikoaren alde ari gara; eta ahalegin horri eutsiko diogu. Konfiantzazko mezua zabaldu nahi diegu familiei eta ikasleei. Baliabide gutxiagorekin lan egin beharko dugu, halere. Etsigarria da».

Irakasleen borondatezko lana aipatu dute bertze arduradun anitzek. Irakasleek orain arte erakutsi duten profesionaltasuna nabarmendu du Iturramako zuzendari Tomas Astizek, eta bide beretik jarraituko dutela zalantzarik ez du. Dena den, gaineratu du ezin dela ukatu murrizketek eragin argia izanen dutela. «Irakasleek eskola ordu gehiago izanen dute, ikasle gehiago. Hori sumatuko da», erran du.

Eta sumatuko da, batez ere, eskola orduetatik kanpoko jardueretan. «Proiektuak eta programak lantzeko denbora gutxiago izanen dugu, eta horrelakoek zehazten dute ikastetxe baten izaera», azaldu du.

Biurdanako zuzendari Javier Mangadok ohartarazi du institutuek «denboran atzera» eginen dutela. «Talde gehiago hartu beharko dituzte irakasleek, ikasle gehiago, eta haienak ez diren ikasgaiak landu. Hori orain ere gertatzen da, baina arazoak okerrera eginen du irailetik aurrera». Irakasleak, gainera, haserre dira. «Sumatzen da», erran du Askatasuna institutuko zuzendariorde Jorge Cervantesek. «Karrikan agerikoa da haserrea; gero, eskolan, egunerokoak harrapatzen zaitu». Irailetik aurrera, egunero aurre egin beharko diote irakasleek egoera berriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.