Zizur Nagusian obretarako lanpostu bati ezarritako hizkuntza eskakizunaren aurka egin du epai batek

Aurretik, Nafarroako Auzitegi Administratiboak onartu egin zuen hizkuntza eskakizuna, besteak beste argudiatuta bederatzi langileren artean bakar bati jarri ziotela; UPNk kontra egin zuen, ordea, eta helegitearen alde egin du orain sententzia batek.

(ID_13318108) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2023-11-03, Iruñea. LAB sindikatuak protesta egin du Hezkuntza Departamentuaren aurrean
Euskararen kontrako ebazpenen aurka protestan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2023ko abenduaren 1a
18:00
Entzun

UPNk berak zabaldu du gaur berria, pozik. Arrazoi eman dio Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Auzitegiak, eta aintzat hartu du UPNk jarri zuen helegitea, Zizurren (Nafarroa) obretan jarduteko lanpostu baterako udalak ezarritako hizkuntza eskakizunaren kontrakoa. Alderdi erregionalistaren arabera, epaiak ebatzi du ez zegoela «justifikatuta» hizkuntza eskakizun hori. Esan du sententzian jasota dagoela aurrez ere antzeko beste auzibide batzuetan ezarritako «jurisprudentzia». Izan ere, bada nondik edana. Nafarroako eremu mistoan dago Zizur Nagusia, eta antzeko epaiak izan dira lehenago ere euskararentzat babes administratibo horren pean dauden herrietan.

Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak ondo daki hori, eta nahigabea azaldu du, justiziak berriz ere hizkuntza eskakizunen kontra egin duelako. «Beste epai bat da, beste bat gehiago, eta behin eta berriz argudio igualak ematen dituzte». Tamala azaldu du kasu honetan aurrez Nafarroako Auzitegi Administratiboak ebazpen bat eman zuelako lanpostu horri ezarritako hizkuntza eskakizunaren alde. Sententziaren sorburua, hain justu ere, ebazpen horren kontra UPNk jarritako helegite bat izan zen.

Gaubekak gogoratu du Nafarroako Auzitegi Administratiboan ere ez direla ohikoak hizkuntza eskakizunen aldeko ebazpenak eta, horiek horrela, tamalgarria dela «behingoagatik» irizpide horien alde emandako ebazpen bat orain sententzia batek atzera botatzea.

Eta Zizur Nagusiko lanpostu horri eskakizun hori zer-nola ezarri zitzaion ere ondo zehaztu behar dela uste du Gaubekak; izan ere, guztira herriko obretan-eta jarduteko bederatzi lanpostutarako deia egin zuen udalak, eta horietako bakar bati ezarri zion hizkuntza eskakizuna. Gainera, adierazi du auzibidean ondo azaldu dela zergatik zen euskararen ezagutza garrantzitsua langile horien artean; izan ere, udalerrian mantentze lanak-eta egin behar dituzte langile horiek, eta, ondorioz, hainbat eragilerekin izan behar dituzte hartu-emanak: «Kultur eragileekin, gaztetxearekin...». Horiek horrela, gogoratu du erabateko zentzua duela harreman horietan euskararen ezagutza gutxieneko bat bermatzeak. «Gainera, oroitu behar da bederatzi lanpostutatik bakar bati jarri zitzaiola eskakizuna: bakar bati».

Euskalgintzaren Kontseiluak ere kritikatu du epaia: «Berriro ere epaileak hizkuntza-politika egiten, eskubideen kaltetan».

«Betiko» arrazoibideak

Gaubekaren arabera, «betiko argudioekin» jo du UPNk auzitara, eta horiei kontra egiteko aski arrazoibide aurkeztu dira, indartsuak, baina ez dira aski izan kontrako epaia saihesteko. Horrek, haren ustez, erakusten du UPNk «alde» dituela auzitegiak, eta sentitzen duela segi dezakeela aurrera antzeko auzibide gehiagorekin ere: «Ondo ateratzen zaie». Hizkuntza eskakizunak ezarriak dituzten lanpostuen kontra ez ezik, hizkuntza merezimendu gisara aintzat hartzen den horien kontra ere egiten dute, esan duenez.

Halako epaien ondorio larriez ohartarazi du Behatokiko zuzendariak. Izan ere, egungo lege esparruak, bere meharrean ere, zenbait bide ematen ditu Nafarroako eremu mistoan dauden udal administrazioek hizkuntza eskakizunak-eta eskatzeko. Baina, tankerako ebazpenen bidez, lege horiek ere «edukiz husten» ari dira.

UPNk, berriz, epaiaren balorazio «positiboa» egin du. Hain justu ere, gogoratu du antzeko beste ebazpen askoren ildo berekoa dela, eta poza azaldu du horregatik. Kritika egin dio udal gobernuari: «Onartezina da behin eta berriz gaian zirrikituren bat nola bilatzen duten ikustea, legez kanpokoa dela jakin arren». Eta jokabide okerra egotzi dio: «Beren interes alderdikoiak herritarrenen gainetik jartzen dituzte».

Euskalgintzan egun kezka handia dago euskara sustatze aldera administrazioan ezartzen diren neurri eta araubideen kontra ebazten diren epaiengatik. «Oldarraldi judizialaz» mintzo da Euskalgintzaren Kontseilua, eta azaroaren 4an manifestazio bat egin zuen Bilbon justiziaren jokabide hori salatzeko; aurreikuspen guztiak gainditu zituen: 70.000 pertsona batu ziren Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lema zeraman pankartaren atzean. Euskararen aldeko akordio soziopolitiko berri bat eskatu zuten protestaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.