Zoeren Ontzikoek jasotako haurretako gehienek familia dutela ziurtatu dute NBEk eta Gurutze Gorriak

Europara ekarri nahi zituzten 103 umeekin elkarrizketak izan dituzte Nazio Batuetako bi agentziatako kideek eta Gurutze Gorrikoek. Elkarrizketa horietatik odorioztatu dute umeetatik 91 gurasotzat hartzen zuten pertsona heldu batekin bizi zirela, familia ingurune batean. Zoeren Ontziak umezurtzak zirela ziurtatu du. Euskal Herrian haur horiek hartzeko prest diren familiek nazioarteko erakundeak auziaren inguruan gezurrak esaten ari direla salatu dute egunotan.

2007ko azaroaren 1a
18:13
Entzun
Zoeren Ontzia gobernuz kanpoko erakunde frantziarrak Darfurretik Europara ekarri nahi zituen 103 haurretako gehienak ez direla umezurtzak ziurtatu dute NBEko bi agentziak eta Nazioarteko Gurutza Gorriak.

Urtebete eta 10 urte arteko 103 haur horiekin luze hitzegin dute egunotan NBEko kideek zein Gurutze Gorriek haien jatorri eta nondik norakoak argitzeko; elkarrizketa horietatik ondorioztatu dute 103 umeetatik 91 gurasotzat hartzen duten pertsona heldu batekin bizi direla, familia ingurune batean. Jatorriari dagokionez, Txad eta Sudango muga eremukoak direla agertu dute, baina ez dute zehaztu Darfurrekoak diren edo ez. Esan bezala, 103 haurretatik 91ren kasuan iritsi dira ondorio horretara. Beste hamabien ingurukoak argitzea ez dute lortu oraindik, eta haiekin hizketan jarraitzen dutela agertu dute NBEko eta Gurutze Gorriko iturriek.

Zoeren Ontziko kideek, berriz, 103 haur horiek gatazka gogorra bizi duen Sudango Darfur eskualdeko umezurtzak direla ziurtatu dute, eta hango tribu buruzagiekin harremanetan izan direla gurasorik zuten edo ez jakiteko.

Euskal Herriko sei familia, Lapurdikoak eta Nafarroa Beherekoak, Zoeren Ontziak ekarritako haurrak agerbetu behar zituzten. Familia horiek egunotan salatu dute nazioarteko komunitatea gezur ugari ari dela zabaltzen aipatutako erakundearen asmoen inguruan. Familia horiek ziurtatu dute Zoeren Ontziaren eta euren asmo bakarra Darfurko gerraren ondorioz hil edo biziko egoeran ziren haurrak salbatzea zela, harrera eginez, eta inola ere ez adopzioan hartuz.

Joan den ostegunean Txadeko Poliziak 103 haurrak Europara ekartzeko ahalegina egiten ari ziren 18 lagun atxilotu zituen: Zoeren Ontziako sei kide (frantziarrak), hiru kazetari (frantziarrak), umeak garraiatzeko hegazkineko eskifaiako zazpi kideak (kataluniarrak), eta haiei guztiei laguntzea egozten diten Txadeko bi herritar. Adingabekoen bahiketa eta iruzurra leporatzen diete, eta atxilotuta dauzkate oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.