Euskal presoei dagokienean Espainiako Estatuak "legea zorrotz" beteko duela ohartarazi du Zoidok; ETAk ez duela saririk jasoko "bere porrotagatik". Presoen egoera ez dela egun batetik bestera aldatuko dio, bere arabera, "baldintza batzuk" behar baitira horretarako. Banakako onurak lortzeko, egin beharrekoa "ez da galdetegi bat betetzea bakarrik", bere hitzetan; "urteetan erakutsi behar dira portaera jakin batzuk".
PP, PSOE, Podemos, Ciudadanos, UPN, PDeCAT, Foro Asturias, Partido Aragones, Coalicion Canaria eta UpDko kideak joan dira gaur Terrorismoaren Aurkako Itunaren bilerara. EAJkoak, ERCkoak eta EH Bildukoak ez dira izan.
Bileran biktimak izan dituzte gogoan, Zoidoren esanetan, eta haien "Memoria, egia eta justizia" bermatuko dutela esan du. ETAk egin duena "jendea hiltzea eta mina sortzea" besterik ez da izan Barne ministroaren esanetan. "Orain arte bezala, eta betirako", beraiek egingo duten bakarra "legea bete eta betearaztea" besterik ez dela izango dio. Argitzeke dauden heriotzak argitzen lanean jarraituko dutela gaineratu du.
Bileran Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren ordezkariak ere izan dira, eta alderdiei "informazio zabala eta interesgarria" eman die ETAren amaierari buruz. Zoidok, batera jarraitzearen garrantzia azpimarratu die alderdiei, horrexek ekarri baitu ETAren bukaera, bere ustez.