«Zoritxarreko» irudia

Ponsek dio topa egite horrek ez duela PP «ordezkatzen» eta, hori dela eta, «barkamena» eskatu behar dela

2011ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusian urtero udal teknikariei, langileei, zinegotziei eta udaleko gorabeheren berri ematen duten kazetariei hamaiketako bat eskaintzen die alkateak. Aurtengo ekitaldiko irudi bat, baina, zeresana ematen ari da: Ramon Gomez Ugalde Donostiako Udaleko PPko bozeramailea, Iñigo Arkauz PPko zinegotzia eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea topa egiten.

Esteban Gonzalez Pons PPko Komunikazio idazkariordeak azaldu du keinu horrek ez duela PP «ordezkatzen», eta, hori dela-eta, «barkamena» eskatu behar dela. Era berean, esan du «mundu guztiak» ez duela «beti asmatzen», baina EAEko PPko zinegotziak «egunero asmatzera derrigortuta» daudela. Gainera, Ponsek azaldu du irudi horrek ez duela «adierazten» PPk Bilduri buruz pentsatzen duena.

Izan ere, Ponsek esan du Bildu Batasunaren «jarraipena» dela, eta adierazi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu hauteskundeetara aurkez zedin onartu zuen arren hasieran Espainiako Gobernuak eta Estatuko Fiskaltzak ez zutela onartu.

Irudian irribarretsu ikusten dira Gomez Ugalde, Arkauz eta Izagirre topa egiten. Gomez Ugaldek, baina, bestelako iritzia du. Izan ere, esan du «zoritxarreko» argazkia izan zela. Nolanahi ere, argazkiaren inguruan sortutako eztabaida «testuingurutik» ateratzen ari dela azaldu du.

Haren esanetan, topa egiteko momentuan alkateari «euskal presoen alde hirian dauden pankartak kentzeko» eskatu zion, eta Izagirrek, erantzuna emate aldera, «topa egin» ziola gaineratu du. Horrez gain, han zeuden kazetariak eskaera horren «lekuko» izan zirela ere azaldu du Gomez Ugaldek.

Hori bai, argi utzi du argazkia ez zela «adiskidetasunaren» ikur, eta «oker» egin zuela argazkia ateratzen utziz. Horregatik, azaldu du ezker abertzaleari eta ETAri egindako eskaeretan «irmoa» dela. Bestetik, Gomez Ugaldek adierazi du «zoritxarreko argazki bat» ezin erabil litekeela «egozten» ari zaizkien «gauzak leporatzeko».

«Susmagarri baten moduan»

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, adierazi du Gomez Ugalde ez dadila «susmagarri baten moduan» tratatu, «bere bizitza osoan» ETAren aurka lan egin duelako. Gainera, azaldu du argazkia «oker» bat izan zela, Gomez Ugaldek onartu bezala.

Baina ez da Bilduko kideen eta PPkoen artean agur kontuak direla-eta izandako gorabehera bakarra. Izan ere, Gasteizko jaien hasieran, Zeledonen jaitsieran, Izagirrek Javier Maroto Gasteizko alkatea agurtu zuen, baina Basagoitik agurra ukatu zion Donostiako alkateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.