Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egoera ekonomikoa, estatus politikoa eta baketzea izan ditu hizpide gaur Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren politika orokorreko osoko bilkuran. 09:30ean hasi da hizketan, eta ordu eta laurden inguruko hitzaldia egin du.
Alor ekonomikoan, Euskal Autonomia Erkidegoak 2013a "hitz politaz esaten den hazkunde negatiboarekin" amaituko duela eta urte amaierara bitartean langabeziak gora egingo duela iragarri du Urkulluk. Halaber, Barne Produktu Gordinak %1,2 egingo du behera. Hala ere, mezu baikorra eman nahi izan du: "Baditugu etorkizun ekonomikoa epe laburrean hobea izango dela pentsatzeko aukera ematen duten datu batzuk".
Lehen seihilekoan esportazioek %2,5 gora egin izana, BPGaren joera aldatu izana, Europako Batasuneko ekonomiak hobera egin izana, foru ogasunek diru gehiago bildu izana eta zorpetze baldintzak hobetu izana dira Urkulluk aipatutako datuak.
EAJk eta PSEk, astelehenean izenpetutako akordioaren bidez, "herrialdearen interesa lehenetsi" dutela nabarmendu du Urkulluk, eta eskerrak eman dizkio PSEri: "Garai berria bizi dugu". Akordio hori beste erakunde batzuetara zabaltzeko ahalegina egingo duela agindu du. Egitura instituzionala aldatzearen harira, horretarako garaia dela uste du, eta legebiltzarreko ponentziaren esku utzi du lan hori. Erakunde publikoen sarea txikituko du gobernuak plan baten bidez. 42 sozietate publikotik 28ra murriztuko ditu, besteak beste.
Estatus politikoa
Estatus politikoaren inguruan, hiru printzipio proposatu ditu eztabaidari heltzeko: "Aniztasuna", "zorroztasun juridikoa" eta "aukera legal eta zilegien garapenaren printzipioa". Aniztasuna alderdi guztien parte hartzearekin bermatuko litzatekeela adierazi du. "Euskal moldaketa" deitu dio Urkulluk estatus politikoaren aldaketari. 1979ko estatutuari esker EAEk "ibilbide luzea" egin duela azaldu du, baina aitortu "orain dena aldatu" dela eta estatutuak ez dituela harengandik espero ziren "inpartzialtasun eta aldebikotasun" emaitzak espero: "Proposamen berri bat egitea dagokigu".
Bake eta bizikidetza esparruetan, Urkulluk nabarmendu du "aukera historikoa" dagoela horiek lortzeko: "Ezin dugu huts egin". ETAren jardun armatuaren amaierak "garai berri bat" zabaldu duela-eta, bakea eta bizikidetza lortzea "guztien" erantzukizuna dela uste du, "ez bakarrik Jaurlaritzarena".
Jaurlaritzak aurkeztutako Bake eta Bizikidetza Plana izan du gogoan: taldeen ekarpenei irekita dagoela oroitarazi du, eta zehaztu planak ez duela "inoren" lana gutxiesten, hari balioa ematen baizik. "Lau aldeko akordioa" nahi du bakegintzan, eta zehaztu du akordioa ez dela bake plana abiatzeko baldintza, planaren helburua baizik.
Goizean Urkullu, arratsaldean taldeak
Arratsean, 14:30ean hitz egingo dute legebiltzarreko taldeek. Txikienetik handienera mintzatuko dira; ordu erdiz, gehienez. Hortaz, UPD hasiko da Urkulluri erantzuten; ondoren izango da PP, eta PSE gero. EH Bilduk hitz egingo du hurrena, eta EAJk azkenik. Ondoren, Urkulluk erantzungo die taldeei, denbora mugarik gabe. Azkenik, taldeetako bozeramaileek beste hamarna minutu izango dituzte Urkulluri ihardesteko.