Egin da Donostian Espainiako Auzitegi Gorenak zortzi gazteren kontra jarritako zigorra salatzeko antolatu den manifestazioa. Gaur eguerdian jakin da Gorenak berretsi egin duela Auzitegi Nazionalak Donostiako hamabost gazte auzipetuetako zortziri ezarritako zigorra. Seina urteko espetxe zigorra ezarri diete Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizolari. Zigor horiek salatzeko egin da gaur iluntzean manifestazioa Donostiako Bulebarrean, eta han bertan egingo dute gazteek agerraldia bihar eguerdian.
2007ko urriaren 30tik abenduaren 4ra bitarte, 26 gazte atxilotu zituen Espainiako Poliziak. 2008ko azaroan, hemezortzi auzipetu egin zituzten Segiko kide izatearen akusaziopean. 2009an, baldintzapeko askatasunean aske geratu ziren, guztira 170.000 euroko fiantzak ordainduta.
2010eko ekaina eta uztaila bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituak izan ziren. Hamabost kondenatuak izan ziren sei urteko kartzela zigorrera. 2011ko urrian, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren epaia baliogabetu zuen, eta epai berri bat egitea agindu zion, defentsaren argumentazioa kontutan hartu ez zuelako. Hilabete beranduago ordea, Auzitegi Nazionalak berriz ere hamabost gazteak zigortu zituen. Helegitea aurkeztu zuten, eta aurtengo otsailaren 13an berrikusi zuen auzia Auzitegi Gorenak. Gaur eman du epaia.
Babes zabala
Herritarren babesa jaso izan dute gazte auzipetuek azken asteetan. Martxoaren 9an, milaka lagun batu ziren Donostian gazteei sostengua adierazteko. Horrez gain, ostegunero elkarretaratzeak egin dituzte Artzain Onaren plazan. Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Donostiako Udalaren babesa ere jaso zuten otsailaren 6an.