Gernikako Akordioa sinatu zuten eragileek konponbide prozesuak jarraitu beharreko norabidea zehaztu zuten, bide orri osatu eta argi bat eskainiz, eta gatazkaren parte diren aldeei eskaera zehatzak eginez. ETAk harturiko erabakiak agerian utzi du akordio horrek duen potentzialtasuna. Aurretik egindako urratsen bidez eta, bereziki, ostegunean jakinarazitako erabakiarekin, akordioan jasotako lehen puntua bere osotasunean bete du erakunde armatuak, trukean inori ezer eskatu gabe. Erabaki horrek Gernikako Akordioaren garatzeko ateak zabalik uzten ditu.
Akordioaren sinatzaileek argi marraztua dute orain jarraitu beharreko norabidea zein den. Batetik, normalizazio prozesuaren hastapeneko edukiak finkatzen dituzte, eta konponbide prozesuak beharko lukeen zoru demokratikoa eraikitzeko oinarriak zehazten dituzte. Puntu horretan, Espainiako eta Frantziako gobernuen erantzukizuna nabarmentzen dute, haien esku baitago «salbuespeneko neurriak» indargabetzeko ahalmena.
Batetik, Gernikako Akordioaren sinatzaileek diote Alderdien Legea bertan behera utzi beharra dagoela, eta jarduera politikoagatik epaitutako pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertu behar direla.
Egungo espetxe politika eteteko ere eskatzen dute, «amnistiarako bidean lehen urrats moduan»: sakabanaketa bukatu, gaixotasun larriak dituzten presoak askatu, legeak ezarritako presoentzako onurak bete eta 40 urteko espetxealdia ezartzen duen legea bertan behera uzteko exijitzen dute.
Era berean, jurisdikzio eta «epaitegi berezien» eta «salbuespeneko lege oro» —inkomunikazioa, adibidez— indargabetzeko eskatzen dute.
Denbora eta malgutasuna
Akordioaren sinatzaileek behin eta berriz adierazi dute konponbide prozesuak «integrala» izan behar duela bakea «benetakoa eta iraunkorra» izan dadin. Inor kanpoan gera ez dadin.
Hori bera azpimarratu zuten astelehenean Aieteko jauregian eginiko konferentzian parte hartu zuten nazioarteko sei pertsonalitateek. ETAri eta gobernuei eginiko deiaz gain —«gatazka armatuaren ondorioez soilik aritzeko»—, eragile politikoei eskatu zieten «gai politikoak» eztabaidatzeko mahaia edo foroa osatzeko.
Elkarrizketa eta negoziazio prozesu horretarako printzipioak, baldintzak eta edukiak ere zehazten dira Gernikako Akordioan. Hala, negoziazio politikoak Mitchell printzipioetan oinarrituta egin behar direla diote sinatzaileek, eta bertan eragile politiko, sindikal eta sozialek baino ez dutela parte hartu behar.
Sinatzaileen arabera, elkarrizketa prozesuak Euskal Herriko «kultura politiko guztiak» barne hartuko dituen akordioa izango du helburu, eta euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz eztabaidatu behar da bertan. Halaber, prozesu horretan barne eredu juridiko-instituzionala eta Frantzia eta Espainiarekiko lotura mota aztertu behar dela diote, «independentzia barne». Eta mahai horretan egindako akordioak herritarren oniritzia jaso behar dutela nabarmentzen dute.
Era berean, alderdien esku egongo litzateke, gatazkaren biktima guztientzako aitortza, adiskidetze eta erreparaziorako neurriak zehaztea.
Gernikako Akordioak zehaztutako bideari eta gai zerrendari erreparatuz, malgu jokatzen jakin beharko dute eragile guztiek, eta konponbidearen diskurtsoa oraindik bereganatu ez dutenek bereziki.
ETAren jardun armatuaren amaiera
Zoru demokratikoa eraikitzeko bide orria
Gernikako Akordioak zehaztutako bideari jarraituz, jardun armatuaren amaiera iragarri du ETAk. Duela urtebete sinatutako akordioak konponbide prozesuaren beste urratsak ere finkatzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu