Zubieta kaleko bizilagunak etxera itzuli dira

Donostiako metroaren lanetan izandako «istripua» dela eta, «urgentziazko agerraldia» eskatu dio EH Bilduk Goiari.

Eneko Goia alkatea, joan den ostiralean. GORKA RUBIO / FOKU
Igor Susaeta-Edurne Begiristain
2020ko ekainaren 8a
14:58
Entzun

Joan den ostiraletik, etxera itzuli ezinda egon dira Donostiako metroaren lanengatik Zubieta kaleko 8.zenbakiko bizilagunak, baina, gaur arratsaldean, Donostiako Udalak baimena eman die etxera bueltatzeko, eta hala egin dute. Eusko Trenbide Sareak egindako txosten teknikoak aztertu ostean hartu du erabakia Donostiako Udalak. Ostiralean, Donostiako metroaren lanen eraginez, Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren zutabe bat  oinarririk gabe geratu zen, eta zulo bat sortu zen zimenduetan. Orduz geroztik, eta egoera konpondu bitartean, eraikineko bizilagunek Londres hotelean egon behar izan dute. Gaur arratsaldean eraikineko bizilagunek  bilera izan dute Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuordearekin, eta hark jakinarazi die teknikariek gaur bertan amaitu dituztela zuloa estaltzeko lanak, eta ez dutela arazorik etxera bueltatzeko. Teknikariak lanean ibili dira asteburuan ur filtrazioa konpontzeko, eta kaltetutako guneak georradar bidez ikuskatu ostean ondorioztatu dute eraikina «segurua eta sendoa» dela eta ez dagoela arriskurik, Aizek azaldu duenez.

Bestalde, Donostiako EH Bilduk Eneko Goia alkateari eskatu dio «urgentziazko agerraldia» egin dezala udalbatzan istripuari buruzko azalpenak emateko. Reyes Karrere koalizio independentistaren udal taldeko bozeramaileak ohar batean nabarmendu duenez, eskatuko diote eman ditzala «istripuaren arrazoiak», eta jakinarazi dezala zer «neurri» hartzen ari diren herritarren segurtasuna bermatzeko, lanak bizilagunei eragiten ari zaizkien «kalteak arintzeko», baita obra horretan lanean ari direnen segurtasuna bermatzeko ere.

Zubieta kaleko 8. zenbakiko eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu da, eta zulo bat sortu da zimenduetan. Atari horretako bizilagunak hotel batean daude orduz geroztik. «Udalak esango du noiz sar daitekeen bizilagunak berriro eraikinetan», nabarmendu du Karrerek. «Azken egunetan inguruetako bizilagunek etxebizitzetan pitzadurak, arrakalak eta bestelako kalteak salatu dituztela gogorarazi behar dugu», adierazi du, gainera, oharrean.

Metroaren obrak gelditzeko protesta egin zuten joan den larunbatean Donostian, Satorralaia bizilagun elkarteak deituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.