Zubietako egitasmoetan ez du etenik onartuko EAJk

Goiak dio errauste planta, industrialdea eta kartzela egiteko proiektuak etenez gero 30 milioi galduko direla

Errauste planta eta kartzela eraiki asmo dituzten gunea. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Zubietako Eskuzaitzeta inguruan aurreikusita dauden proiektuak geratzea Donostiako Udalak hartu ezin dezakeen erabakiada. 30 milioi euroko faktura ordaindu beharko luke. Beraz, hiriaren interes orokorrak kontuan hartu eta arduraz jokatzeko eskatzen diogu». EAJren Donostiako Udaleko bozeramaile Eneko Goiaren hitzak dira. Goiak argi utzi du ez dutela «koma bakar bat ere» aldatzea onartuko Zubietan aurreikusita dauden proiektuetan.

Hiru dira inguru horretarako Donostiako Hirigintza Plan Orokorrak aurreikusten dituen egitasmoak: errauste planta, Martutenekoaren ordezko kartzela eta 165.000 metro koadroko industrialdea.

Goiak nabarmendu du errauste plantaren proiektua bertan behera utziz gero Donostiako Udalak ez lituzkeela jasoko Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin sinatutako akordioan aurreikusten diren 22,5 milioiak. «Gainera, 14 milioi jaso ditu dagoeneko. Nola itzuliko ditu?». Goiak berretsi du EAJren ustez errauste planta dela zaborrak kudeatzeko sistemarik egokiena. «Zer gertatuko litzateke udalak errauste planta eraikitzeko duen konpromisoa ez bete, eta mankomunitateek uko egingo baliokete Donostian sortzen diren hondakinak jasotzeari? San Markoko zabortegia berriro irekitzea al da Bilduren proposamena?».

Udalak kartzela berria eraikitzeko baimena «azkartu eta sustatu» ez izana ere salatu du. «8 milioi eurori uko egiteaz gain, Txomin-Enean beste1.200 etxebizitza eraikitzea galaraziko luke». Diru hori guztia «galtzeak» arriskuan jarriko luke Zubietan eraiki asmo duten industrialdea, Goiaren arabera. «Hirian enplegua sortuko duten enpresak kokatzeko dagoen egitasmoa nagusietako bat da Zubietakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.