RESA eta IBH ingeniaritza enpresekin sinatutako kontratuak bertan behera uztea erabaki du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa enpresa publikoak. Zubietako errauste plantaren proiektuan jardun dute bi enpresa horiek; RESAk ingeniaritza lana egin du —errauste plantaren eta inguruko azpiegituren obra proiektua egiten, baimenak lortzen eta ikuskaritza egiten—, eta IBHk aholkulari gisa jardun du. GHK-k dio "era irregularrean" kontratatu zituztela. BERRIAk azaleratu zituen irregulartasun horiek, orain bi aste.
Bilera egin du gaur arratsaldean GHK-ko batzarrak, eta ondorioztatu du bi kontratuok lehiaketa publikora ateratzeko orduan irregulartasun ugari egin zirela, eta hori dela medio, "zuzenbiderako erabat ezdeusak" direla, baliogabeak. RESAren kasuan, irabazle gertatu zen lehiaketaren baldintzak jartzen enpresa hori bera aritu zela frogatutzat jo du GHK-k; IBHk, berriz, lehiaketa baino lehen egin zuen lan GHKrentzat, eta "informazio pribilegiatua lortu zuen".
Guztira 8,3 milioi euroko kontratuak dira: RESArenak 6,8 ditu, eta IBHrenak 1,4.