Protesta hastearekin batera, baraualdia egiten ari direnei babesa ematera deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, eta elkartu da jendea. Egitarau bat prestatu dute datozen egunetarako, eta, arratsaldero, hitzaldi bat eta dokumental bat egingo dituzte. Atzo, esaterako, erraustegia eta osasuna izan zituzten hizketagai, eta Ziztadak dokumentala ikusi zuten. Errausketa eta osasuna hitzaldia ere eman zuten zenbait medikuk. Gose greba 19:00etan hasi zuten.
Larunbat eguerdirako, giza kate bat antolatu dute. Easo plazatik Gipuzkoa plazarako bidea egingo dute.
Joan den astean eman zuten gose grebaren berri: "Milaka eta milaka herritarrok proiektu hau arbuiatzen dugula ikusarazi arren inposatu egin nahi dutela ikusten dugunez, protestak ezkutatu nahi dituztela ulertuta, oraingoan gose greba protesta eredua hautatu dugu, inposatu nahi diguten erraustegiak gu guztion bizitzengan izango duen eragin kaltegarria salatzeko".