Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak mobilizaziora deitu du datorren iganderako, Zubietako planta gera dezatela eskatzeko. Giza kate bat egingo dute Donostiako Alderdi Ederretik abiatuta, 11:00etan. ELA, LAB, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Eguzki eta Ekologistak Martxan-ek babestu dute deialdia.
Mugimenduak nabarmendu du erraustegia jada eraikita dagoela, hilabeteak daramatzatela probak egiten eta aurki espero dela erabat martxan jartzea: «Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan, eta, zoritxarrez, laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoiak inguruan zabaltzen ari direla».
Azpiegitura indarrean jarrita ere, mugimenduak ziurtatu du «borrokan» jarraituko dutela, «badagoelako errausketa baino osasuntsuago, ekologikoago eta merkeagoa den alternatiba». Nabarmendu dutenez, hiri hondakinak gaika biltzeko sistemak %42 murriztu ditu zaborrak azken hamarkadan. Kontrara, kritikatu dute Donostian ez hobetu izana datu horiek: «2019an biztanleko 288 kilogramo errefus sortu dira, Gipuzkoako kantitaterik handiena. Donostia da erraustegiaren erregai hornitzaile nagusia, eta Udalak ez du inolako asmorik egoera aldatzeko».
Antolatzaileek azaldu dutenez, giza katea Kontxako hondartzatik Perlaraino joango da eta pasealekutik abiatu den lekura itzuliko da, bidean geldialdirik egin gabe eta pertsonen arteko segurtasun tartea mantenduz.