HONDAKINAK

Zubietako plantaren proiektuan dirua oker erabili duten ikertzen hasi da fiskala

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak ofizioz hasi du ikerketa, ikusirik litekeena dela enpresei kalte-ordainak eman behar izatea eta "desfase ekonomiko handia" sortzea. Hasi berri da ikerketa, eta oraingoz ez du inor deklaratzera deituko.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 19a
13:03
Entzun

Zubietako errauste plantaren tramitazioan lege hausterik izan ote den ikertzen hasi da EAEko fiskal nagusia, Juan Kalparsoro. Zehazki, aztertzen ari da diru baliabideak oker erabili ote dituzten proiektu horretan. Errauste plantaren lanak etenda eta bertan behera uzteko bidean —atzo bertan hala esan zuen GHK-k—, litekeena da planta eraikitzekoa zuten enpresek kalte-ordainak eskatzea. Horrek "desfase ekonomiko handia" ekarriko duela ohartarazi du fiskalak, eta ikertu nahi du baliabide publikoak zuzen erabili ote diren proiektu horretan.

Erabakiak zalaparta sortuko duela jakitun, Kalpasorok BERRIAri nabarmendu dio bere kabuz hasi duela ikerketa, ofizioz. "Fiskaltzak ezin zuen beste aldera begira egon. Ez dut inolako salaketarik jaso, ez oposizioko alderdiena ez beste inorena".

Kalparsorok dio ikerketaren muina ez dela errauste planta bera egin behar den edo ez —"horren eskumena ez da justiziarena"—, baizik eta behin proiektu hori martxan jarrita kudeaketa egokia izan ote den, "aurreko arduradunen edo oraingoen erantzukizunez, edo inoren erantzukizunik gabe".

Dirua galtzen ari da GHK proiektu horrekin: batetik, balizko kalte-ordainak daude, eraikuntza bertan behera uzteagatik eraikitzaileek eska ditzaketen kalte-ordainak, kontratua ez betetzeagatik. Lanak etenda daude. Bestetik, bankuekin sinatutako maileguekin ere dirua galtzen aritu da hilabeteetan GHK, interesetan —swap produktu bat hartu zuten aurreko kudeatzaileek, finantza produktu arriskutsu bat, eta hilean 300.000 euro pagatzen aritu da GHK; eten egin dute hori oraingo arduradunek, eta auzitara jo dute—. Kalte-ordainetan jarri du arreta fiskalak.

Ikerketa hasi baino ez da egin oraingoz. Lehen pauso gisa, litekeena da Fiskaltzak txosten bat eskatzea GHKri, Zubietako proiektuarekin egin den kudeaketari buruz. Izatekotan ere, horren ostean hartuko lieke deklarazioa oraingo eta aurreko arduradunei. Sei hilabeteko epea du horretarako.

Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko presidenteak "pozez" hartu du fiskalaren ekinbidea. "Irregulartasunak hasieratik salatu ditugu, eta gure laguntza izango du fiskalak. Bukaeraraino iristeko prest gaude". Kalparsorok bereziki kalte-ordainen gaia aipatu du. Beste "irregulartasunei" ere kasu egin behar zaiela uste du Intxaurrandietak: "Behin sartuta, arlo guztak ikertu behar dira, eta argazki orokorra atera". Finantzaketa aldetik izandako gorabeherak eta ingurumen baimena jasotako proiektua aldatzea aipatu ditu, besteak beste.

Karlos Ormazabal GHK-ko presidente ohiak ohar labur baten bidez berretsi du legea bete zuela beti. "Gure helburu nagusia izan zen ziurtasun juridiko guztiak ezartzea, kontuan edukita jende pila bat begira edukiko genuela". Nabarmendu du erabakiak ontzat jo zituztela erakundeek eta kontsultoreek. "Bildu agintera iristean eten zen dena, eta bi urte pasatu ondoren ez daukagu beste konturik: kalte-ordainak eta horrelako gauzak".

Denis Itxaso zen presidenteorde garai hartan GHKn. Justiziari lagunduko diola iragarri du, "kudeaketa eskas honen erantzukizunak argitze aldera". Eraikitzaileekin kontratuak etetea arriskutsua zela ohartarazi zuela gogoratu du Itxasok: "Esan nuen ondorio larriak sor zitzakeela konpromisoak bertan behera uzteak". Bilduk txosten guztiei ezikusiarena egin diela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.