Diplomak banatu aurretik, baina, aurten zendu diren Martin Ugalde eta Augustin Zubikarai ohorezko euskaltzainen omenezko hilberri hitzaldiak irakurri zituzten Joan Mari Torrealdaiketa Andres Urrutiak, hurrenez hurren. 83 urteko bidaia egin zuen Torrealdaik, Ugalderen memoria eta lana gogora ekartzeko. Hiru paisaia (etapa) bereizi zituen gipuzkoarraren bizitzan: Andoain (1921-1947), Caracas-Venezuela (1947-1969) eta Euskal Herria, Hondarribitik hasita Andoainera (1969-2004). «Geroago idazle eta kazetari handi» izango zenaren «hasiera xumeak» aipatu zituen, eta Ugalde «erdararen unibertso zabaletik euskararen mundu txikira» lerratu izana txalotu zuen. Euskararen alde irmo lan egin izanaren ondoriozko bidegabekeria ere izan zuen hizpide Torrealdaik. «Euskaltzaindiko ohorezko kide ez ezik, Euskaldunon Egunkaria-koohorezko lehendakaria ere izan zen Martin Ugalde. Eta auzipeturik zela hil zen, ondoren errudun ez zela ondorioztatu bazuten ere. Baina bizirik balego, gainerakookin epaituko lukete. Ez dago eskubiderik!». Andres Urrutiak «gogoz eta guraz» kazetari eta idazle izaniko Augustin Zubikaraik eginiko«itsas eta kresal usaineko lanak» goraipatu zituen. Bere ondotik mintzatu zen Jean Haritxelhar. Urte luzez ondoan izan dituenei eskerrak eman eta akademiaren ohorezko kide berriei diplomak eman zizkien: Pello Apezetxea, Koldo Artola, Federico Barrenengoa, Josep Camino-Hasquet, Jean-Baptiste Dirassar, Joseba Intxausti, Jon Lopategi, Patxi Oroz eta Jean-Baptiste Orpustani, hain zuzen. Karmele Rotaetxek ez zuen Bilboko ekitaldian egoterik izan, eta postaz bidaliko diotela agindu zuen 16 urtez euskaltzainburu aritu denak.
-
Soslaia
Euskaltzainburu, legez eta bidez
Andres Urrutia Badiola Bilbon sortu zen, 1954ko abenduaren 21ean. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Zuzenbide ikasketak, eta harrezkeroztik eman du lanean, zuzenbidearen alorreko euskara teknikoaren alde. Eremu horretan ondo bete ditu bere lanik esanguratsuenak. Esaterako, iaz Espainiako Konstituzioaren euskarazko bertsio eguneratua egin zuen, Deustuko Zuzenbide Fakultateko hainbat irakaslekin batera. Baina aurten eman du argitaraorain arte eginiko bidean, ezbairik gabe, bere lan mamitsuena dena. Hots, Kode Zibilaren euskarazko bertsioa. Lanordu ugari daude liburu horren atzean, besteak beste, lehenengo aldia baita historian Kode Zibilaren euskarazko itzulpena egin dena.
Hainbat urtean euskara izan du bizilege Urrutiak. Eta legea euskaraz emateko irrika. Hala, antzinako testu juridikoak berreskuratu eta ikertu ditu, eta oraintsu kaleratutako liburu batean bildu ditu XIX. mendeko testu juridiko-administratiboak eta analisiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak eta euskara: 1833-1877. Euskarazko testuen bilduma eta azterketa. Halaber, Euskara legebidean idatzi zuen, Gotzon Loberarekin batera. Baina ez du soilik arau, lege eta bestelako formula juridikoei buruz idatzi. Literaturan, eskarmentu handiko pertsona da. Hainbat obra euskaratu ditu: Mendez Ferriren Percival eta Marisorgina, Alvaro Cunqueiroren Hareazko erlojua, Tolkienen Silmarilion eta James Joyceren Ostatua. Ez da harritzekoa, beraz, Idatz & Mintz aldizkariko administrazio kontseiluko kide izatea, ezta UZEIko zuzendaritza batzordekoa ere. Eta are gutxiago EIEko bazkide izatea. Euskaltzaindiak 1991. urtean izendatu zuen euskaltzain urgazle, eta sei urteren ondoren, 1997. urteko martxoaren 21ean, egin zuten euskaltzain oso, eta, hala, Alfontso Irigoienek utzitako lekua bete zuen. Atzo euskaltzainburu hautatu zuten euskaltzain osoek. Euskaltzainburu egin zuten, urteetako lanak eta eskarmentuak legez eta bidez agindu baitzuen bozketan. -Irune Berro