Zulueta aske utzi du Auzitegi Nazionalak, bermea pagatuta

Zigor aretoak atzera bota du abokatua bigarren aldiz kartzelan sartzeko Marlaskak hartutako erabakia

Erredakzioa
2011ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak Fernando Grande-Marlaska epaileak ezarritako erabakia baliogabetu ostean, Arantza Zulueta abokatua aske utzi du, 60.000 euroko bermea ordainduta.

Zulueta 2010eko apirilaren 19an atxilotu zuten lehen aldiz, «ETAren aginduz euskal presoak kontrolatzeko kolektiboko kide izan» eta «ETArekin zerikusia izateagatik». Urte bereko abenduaren 2an, baina, aske utzi zuten, baldintzapean.

Hala ere, Grande-Marlaskaren aginduz, aurtengo uztailaren 13an, Guardia Zibilak berriro atxilotu zuen ETAren «informazio sare bat» osatzeko helburua zuelakoan. Zigor salak, baina, erabaki hori baliogabetu du orain, hasiera batean —2010eko apirilean atxilotu zutenean— egozten zitzaiona dela esanez eta aske egon zen hilabeteetan —abendutik uztailera— «delitu hori berriz» egin ez zuela argudiatuz.

Hortaz, Auzitegi Nazionaleko zigor aretoaren 3. sekzioak kaleratutako autoan dio Zuluetak ez duela beste delitu bat egin, baizik eta hasierako delituaren «berrespena» dela bigarren aldiz atxilotu zutenean egozten zitzaiona.

Hori dela eta, zigor aretoak honako hau adierazi du abokatua aske uzteko: «Ukaezina da abokatu gisa aritzen dela eta bizileku ezaguna eta finkoa duela. Bermea eskudirutan ordaindu ostean, eta behin-behineko inputazioak ez duelako izan aldaketarik, espetxe agindua kentzea erabaki du».

Marlaskaren «obsesioa»

Uztailean atxilotu zutenean, Eskubideak abokatu elkarteak adierazi zuen juridikoki ez zuela «zentzurik» Zulueta atxilotu eta espetxeratu izanak, eta hori Grande-Marlaskak Zuluetaren aurkako «obsesio pertsonal berezia» duelako dela. Horrez gain, abokatuaren aurkako auzia «irregulartasunez» josia dagoela azaldu zuen abokatuen elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.