Udal eta foru hauteskundeak igarota, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoari buruzkoa izango da eztabaida nagusietako bat 2016an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak baino lehen. Bigarren faseari joan den igandeko bozen ondoren heldu nahi zion EAJk, eta hala egingo du batzordeak, behin agerraldien fasea amaituta.
Erabakitzeko eskubidea, independentzia, dependentzia, erreforma, Espainiako Konstituzioa... horiek eta beste kontzeptu batzuk izan dituzte hizpide batzordetik igaro direnek. 2014ko apirilean ekin zioten lantaldeari, eta bertatik igaro dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe, Patxi Lopez eta Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Joseba Arregi Teologian eta Soziologian doktorea, Luis Castells EHUko katedraduna, Koldo Saratxaga enpresaria, Montserrat Gibernau i Berdun soziologoa eta Ramon Rabanera Arabako ahaldun nagusi izandakoa.
Bi iritzi kontrajarri izan ziren hasteko: "burujabetza partekatua" defenditu zuen Xabier Ezeizabarrenak, eta "Estatutuaren balioa" Manuel Monterok. Erabakitzeko eskubidea defendatu dute ugarik. Saratxaga: "Erabakietan parte hartu eta aktore izan behar du gizarteak". Ildo beretik jo zuen Gibernauk, argudiatuz demokrazia prozesu "dinamikoa" dela. Areago joan zen Ibarretxe, independentziari data jarriz: 2030. urtea.
Aurkakoak ere izan ditu, ordea; Lopezek, esaterako, uste du "haustura" eragingo lukeela gizartean. Erabakitzeko eskubidea ukatuta, "hausturarik gabeko" erreformaren alde jardun zuen Jose Ramon Rekaldek, eta Espainiako Konstituzioa jarri zion muga gisa balizko erreformari Arregik.
Arreta piztu zuen Ramon Jauregi PSOEko europarlamentariak lantaldera eraman zuen proposamen zehatzak. 2018an kokatu zuen Espainiako Konstituzioaren erreforma, eta erkidegoen arteko "elkarlan mekanismoak" ezartzaren alde egin zuen. Gainera, Europako Batzordean zuzenean parte hartzeko aukera eman behar litzaieke erkidegoei, haren ustez.
Txostenak, ekonomiaz batez ere
Jone Berriozabal lantaldeko buruak hitzeman die legebiltzarkideei txosten bat egingo duela agerraldi guztiak laburtuz, eperik jarri gabe. Horrez gain, hainbat txosten eskatu zituzten legebiltzarreko taldeek, eta horiek egiteko eskatuko die ardura hori duten erakundeei, oraingoz ez baitute batere jaso.
Bi txosten eskatu zituzten jeltzaleek. Bata, Gernikako Autonomia Estatutua ez betetzeak euskal gizarteari eragiten dizkion kalte ekonomikoei eta euskal autogobernuari kalte egiten dien dituzten Auzitegi Konstituzionalaren sententziei buruzkoa. Bestea, objektiboki kuantifikatzeko EAEren eta Espainiaren arteko gisa orotako harreman ekonomikoak.
EH Bilduk euskararen egoerari, EAEko administrazioek Euskal Herriko beste administrazioekin dituzten harremanei eta Eusko Jaurlaritzak Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeekin dituen harremanei buruzko txostenak galdegin zituen.
PSEk CCOO eta UGTri eskatu zien azter ditzatela Gizarte Segurantzaren kutxa bakarra haustearen ondorioak. Espaniako Gizarte Segurantzako Estatu idazkari ohi Octavio Granadori eskatu zion txosten bat egin dezala "Gizarte Segurantzaren egungo sistemaren bideragarritasunari buruzko azterketa bat, independentzia edo kutxa bakarraren haustura hipotetiko batean". Gainera, Andres de Blas politika zientzietako katedradunari proposatu zion independentziak bizikidetzan eta kohesio sozialean duen eragina azter dezala.
PPk Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren balizko independentziak izango lukeen kostu ekonomikoari, gizarte kostuari eta EBrekiko harremanen kostuari buruzkoa eskatu zuen. Beste bat, berriz, Espainiako sistematik at legokeen Gizarte Segurantza eredu baten bideragarritasunari buruzkoa, eta hirugarrena, Gernikako Estatutuaren garapenari eta falta diren transferentziei buruzkoa.
UPDk Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari txosten bana eskatu zizkien: euskal pentsio sistema baten bideragarritasunari buruzkoa bata, eta balizko independentziaren kostuaz bestea.