Finantza krisia «kroniko» izateko arriskuaz ohartarazi du NDFk

Diru politiken ondorioz kreditu burbuila berriak eraikitzea posible dela uste du funtsak

Ivan Santamaria.
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ekonomia globalak zituen arrisku nagusiak desagertu direla ontzat jo du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Haatik, horrek ez du esan nahi krisia atzean utzi denik. NDFk beste arrisku batzuk ikusi ditu azaleratzen. Hain zuzen ere, krisia «kroniko» bihurtzeko arriskua dagoela uste du, finantza sistema erabat onbideratzen ez bada. Bitartean, kreditu burbuila berriak eraikitzea posible dela ohartarazi du, banku zentralen diru politiken ondorioz.

Aurreikuspen makroekonomiko eta fiskalen ondotik, atzo finantza egonkortasunari buruzko azken txostenaren berri eman zuen funtsak. Krisia hasi zenetik balizko arriskuak zehazteko eta horiek zuzentzeko proposamenak egitea da azterketaren helburua. Zerk kezkatzen du NDF? Zorpetze publiko eta pribatua jaisteko egindako aurrerapen eskasak. Esaterako, burtsan kotizatzen duten euroguneko periferiako enpresen zorra ordaintzeke dagoen zorpetzearen %20ren parekoa dela ohartarazi du.

Neurririk hartzen ez bada, krisia beste fase batean sartzeko arriskuaz ohartarazi zuen atzo Jose Viñals NDFko ekonomialariak. «Munduko finantza krisia fase kroniko batean sartzeko arriskua legoke, finantza baldintzak okertu eta ezegonkortasun etengabeko batekin».

Euroguneko egoera da azterketak aipatzen duen kezka iturri nagusia. Besteak beste, arrisku sarietan egon den jaitsieran atzera egiteko aukera aipatzen du, bereziki Espainian eta Italian, baina baita Frantzian eta Belgikan ere. Edonola ere, Espainian bankuak onbideratzeko egin den bidea aintzat hartu eta egoera hobetu dela ondorioztatu du funtsak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.