Artikoko Klima Aldaketaren Eraginaren Balioztapenaren (ACIA) presidenteordea da Paal Prestrud. Norvegiako Legebiltzarreko zientzia aholkularia izan zeneta Norvegiako Institutu Polarreko ikerketa zuzendaria ere bai. Preestrudek esan digu poloetan gertatzen ari denak mundu osoan izango duela eragina. Reykjavikenngo konferentzian parte hartzen ari da.
Zein da zuen ikerketatik atera behar den irakaspen nagusia?
Eredu guztiek aurreikusten dutela Lurraren beroketaren lehen eragin handiak Artikoan ikusiko ditugula. Oso ohartarazpen argia da: klima aldaketa abian da eta larriagotzen ari da.
Nola ohartarazi munduari klima aldaketaren inguruko arriskuaz, batzuk Artikoko izotza desagertzea abantaila gisa ikusten badute?
Artikoa epeltzen denean aukera berriak sortzen dira, jakina. Nire ustez, baina, kalteak eta abantailak alderatu eta ondorioak izugarritzat joko lituzke gehienek. Bistan da Artikoko itsasoak urtzea sekulako aukeratzat ikusten dutela han petrolioa eta gasa ustiatu nahi dituzten konpainiek. Inuitari galdetzen badiozu, ordea, ez du begi onez ikusiko. Artikoko espezieak bizirik gorde nahi dituztenek ere ez dute gogoko. Planetaren ikuspegitik ere ez da ona, izotza urtzeak izugarri areagotuko baitu Lurraren berotzea.
Neurriak eskatu dizkiezue gobernuei. Ez al da jada berandu klima aldaketa gelditzeko?
Garaiz gaude oraindik, 30 urte ditugu konponbideak bilatzeko. Teknologia berriek ekarriko dituzte konponbide horiek. Mundu mailako egitasmo teknologikoa behar dugu, erregai fosilak ordezkatzeko: hidrogenoa, esaterako, argindarra sortzeko eta gure autoak mugiarazteko. Ez dut uste jendeak autoak edo argindarra erabiltzeari utziko dionik, 30 urte barru klimari kalte egingo diola jakinda ere. Indar iturri berriak behar ditugu.
Kyotoko Protokoloa indarrean jartzea behin-behineko konponbidea iruditzen zaizu?
Kyotoko itunak oso eragin txikia izango du kliman, baina garaipen politiko izugarria da Errusiak sinatu izana. Lehen urratsaegin da baina bide luzea gelditzen da. Estatuak 2012. urterako beste ituna lortzeko bidean, hain zuzen ere.
Artikoko izotza desagertzea onuratzat duten konpainiek Washingtonengan duten eragina ikusita, nola konbentzitu AEBak ituna sinatzeko?
Ezinezkoa izango da Ameriketako Estatu Batuak konbentzitzea. Elkarlanerako beste bideak bilatu beharko dira. Erronka handia da politikarientzat.
Hilaren 24an Reykjaviken bilduko dira Artiko inguruko zortzi estatutako buruak. Zer-nolako erabakiak espero dituzu?
Ezin da esan, negoziazioak sekretupean egiten ari baitira. Dakigun apurra da AEBak direlaoztopo nagusia. Edonola ere, bilera hori ez da foro egokia gai honetaz hitz egiteko; hori NBEn egin behar da. Politikariek neurriak hartzea espero dugu, Artikoko biztanleek prestatzeko denbora izan dezaten.
LURRAREN BEROTZEA. PAAL PRESTRUD
«30 urte geratzen zaizkigu gure energia iturriak aldatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu