Zergatik ezarriko dituzte enpresa pribatuek teknologia garbiagoak, egungoak baino garestiagoak badira? Galdera gako horri erantzuten saiatzen ari dira egunotan Sydneyn (Australia) Garapen Garbia eta Klimarako Asia-Ozeano Bareko Partaidetzaren goi bileran. Ameriketako Estatu Batuekin eta Australiarekin batera ÐKyotoko protokoloa ez dute sinatu nahiÐ, Txina, India, Hego Korea eta Japoniako politikariak eta enpresaburuak daude bildurik hotel batean astelehenetik. Teknologia da klima aldaketari aurre egiteko proposatzen duten tresna, ikatza urre bihurtzeko. Ekologisten arabera, ordea, Kyotoko Ituna ez sinatzeagatik Washingtongo eta Camberrako buruek sentitzen duten lotsa estaltzeko pikondo orria da bilera.
Kyotoko Itunak Lurraren berotzea moteldu nahi du, berotegi gasen isurketa murriztuz. Horretarako, derrigorrez betebeharreko kupoak eta beste konpromiso batzuk ezartzen dizkie sinatzaileei. AEBetako presidente George Bushek bultzatzen duen partaidetzak, ordea, ez du eperik, derrigorrezko mugarik edo beste konpromisorik ezartzen. Dioenez, industrian teknologia berriak erabilita lortuko da isurketak gutxitzea, estatuaren esku-hartzerik gabe.
Errezeta sinplea dute: ikatza erretzen duten egungo zentral termikoak moldatzea, gutxiago kutsa dezaten. Zentraletako tximinietan CO2a harrapatuko lukete ikertzen ari diren teknologia bati esker, eta, ondoren, gasa lur azpian pilatuko lukete; meategi abandonatuetan, esaterako. Onartzen dutenez, sorturiko energiaren %20 inguru jango du prozesuak, eta argindarraren prezioa bikoiztuko du.
Australiako Industria ministro Ian Macfarlanen arabera, teknologia berriok Kyotoko Itunak baino hiru hiru aldiz gehiago gutxiko dituzte isurketak. Baliteke, ordea, bestelako arrazoiak izatea ideiaren atzean. Sydneyn bilduriko sei herrialdeetatik bost munduko ikatz ekoizlerik handienak dira.
Energia nuklearra «alternatiba garbi» gisa bultzatzeko aukera nabarmendu du Etxe Zuriko Energia idazkari Samuel Bodmanek bileran: «Enpresa pribatuek konponduko dute arazo hau». Sydneyko bilera «ezer ez egiteko ituna» dela salatu dute Australiako ekologistek. Bilerara soilik enpresak gonbidatu izana nabarmendu du South New Wales eskualdeko Natura Zaintzeko kontseiluko buruak, Cate Faehrmannek. Bilkura Kyotoko Ituna trabatzeko saioa dela salatu dute beste talde ekologistek, Greenpeacek tartean.
Gobernuek bultzatzen ez badituzte, enpresek teknologia berri garestiagoak zergatik ezarriko dituzten galdetu zioten bileraren hasieran Bodman estatubatuarrari. Bushen Energia idazkariaren erantzunak laburtzen du Australiako planaren filosofia: «Alor pribatua zuzentzen duten pertsonek ere badituzte haurrak, eta bilobak, eta munduan bizi dira».
KLIMA ALDAKETA
Alkimista berriak
Australian bilduta daude Kyotoko Protokoloari muzin egin dioten herrialdeak, Japonia, Txina, India eta Hego Korearekin; ekologistek«ezer ez egiteko itunaz» ari direla salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu