ARGI ALDIAN. Bakerako jokoak

AITZOL EZEIZA
2006ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herrian eguraldi ona dugu eta aldaketa-haize boladak dabiltza. Mundu handian zehar, aldiz, ezin dezakegu esan gauza bera gertatzen ari denik, gatazka politikoak, injustiziak eta bortxaketa egunerokoak baitira. Konputazio Zientzien munduak ez dio ihes egiten guztiz bortizkeriaren fenomeno honi, batetik, militarrek (Ameriketako Estatu Batuetakoek gehienbat) ikerkuntza eta garapenerako diru-laguntza handiak eskaintzen dituztelako, eta bestetik, gazteen aisialdiari ordu mordoska lapurtzen dieten konputagailu-joko gehienak izugarri bortitzak direlako.

Ildo horri segituz, martxoaren bukaera honetan Kalifornian (AEB) ospatzen ari den Joko-Garatzaileen Konferentzian (http://www.gdconf.com/) bilakaera honi norabidea aldatzeko ahaleginetan ari dira. Hain zuzen, urteroko jokoen diseinu-erronkan (The Game Design Chalenge) lehiakideek erdietsi behar zuten helburua zera da: Bakearen Nobel Saria irabazi dezakeen jokoa diseinatzea.

Ekimen hau ez da guztiz berria. Aurreko bi urteetan antzerako erronkak proposatu dira, zehazki, maitasun istorio baten inguruko jokoa eta Emily Dickinsonen poesiari buruzko jokoa. Aurreko bi lehiaketak Will Wright diseinatzaile ospetsuakirabazi zituen, eta, horregatik, aurten saria emateko arduraduna izan da. Eta sariaren irabazlea Harvey Smith izan da, bere Nobel Sarirako jokoaren proposamenarekin.

Smithek jokalariak gobernuek edo gatazkek kalte egindako gizakien paperean jartzera behartzen ditu. Bere jokorako ereduetako bat Estatu Batuetan II. Munduko Gerratean bizi ziren japoniarrek jasandako jazarpenean oinarritzen da. Jokalariak, jokoa irabaztekotan, bere familia bizirik mantendu behar du eta ingurukoen artean kontzientzia piztea lortu behar du.

Jokorako beste ideietako bat benetako gertakari batean oinarrituta dago. 2001etik aurrera Woomeran (Australia) gobernuak kontzentrazio-esparruen antzerako paperik gabeko etorkinentzako atxilotze-zentro bat izan zuen martxan. Bertan tratu txarrak egunerokoak ziren, eta adin gutxiko preso ugari zegoen. Protestak etengabeak izan ziren, eta azkenean 2003an zentroa itxi egin zen, gizartearen presioa zela eta. Halere, Australiako gobernuak errefuxiatu eta etorkinen aurka oso lege zorrotzak izaten jarraitzen du.

Hori bezalako beste ideia asko proposatu zituzten konferentzian, eta garatzaileek joko hauek komertzializatzeko arazorik ez zutenez ikusten, datozen urteotan jokoak merkatuan aurkitzea espero daiteke. Garatzaileen helburua jokoen inguruan mugimendu sozialak eta injustiziaren kontrako errebolta baketsuak sortzea da, kontsolarekin jolasean mundutik bakartuta dagoen gazte aberatsa bere lozorrotik esnatzeko asmotan.

Dena den, beraien jarrera ulergarria bada ere, eta ohoragarria izan daitekeela ukatu gabe, herrialde aberatsetako gazteek jokoetara estekatuta izan baino, kalean jolasean edo lagun artean egotea egokiago litzateke. Aire freskoak beraien aurpegiak laztan ditzala, egunotan dugun haize freskoen boladak bezalakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.