Finlandian, Islandian, Norvegian, Herbehereetan eta Danimarkan errespetatzen da gehien kazetarien jarduna, eta Eritrean, Laosen, Birmanian, Kuban eta Ipar Korean gutxien, Mugarik Gabeko Kazetariek osatutako zerrendaren arabera. Guztira, 166 herrialde sailkatu ditu, eta nota jarri die guztiei. Horretarako, hainbat kazetariri, ikertzaileri, juristari eta giza eskubideen aldeko militanteri eskatutako informazioa erabili du aipatu elkarteak.
Iaz argitaratutako txostenaren lehen zatiarekin alderatuz, aldaketa gutxi jaso dituzte bigarrenean. Ordukoaren moduan, oraingoak ere Asia jarri du lekurik txarrenean. Hala, zerrendako azken hamar postuetako zortzitan Asiako herrialdeak ageri dira: Ipar Korea, Birmania, Laos, Txina, Iran, Vietnam, Turkemistan eta Butan. Europan, berriz, Italian (53), Espainian (42) eta Frantzian (26) murrizten da gehien prentsa askatasuna, txostenaren arabera. Silvio Berlusconi Italiako presidenteak gustuko ez dituen ahotsak isiltzeko egindako mehatxuak salatzen ditu agiriak, batetik.
Espainiako kasuan, Batasunaren ilegalizazioa lantzeko garaian eta Prestige petroliontziak eragindako hondamendiaren inguruko informazioa lantzeko orduan izaten dituzten trabak salatu dituzte kazetariek maizen, Mugarik Gabeko Kazetarien arabera. Hala, iazko abenduaren 6an Galiziako kazetariek egindako salaketari tarte berezia eskaini diote aurtengo txostenean. Galiziako agintariek eta Espainiako Gobernuak Prestige-n hodamendiaz informatu nahi zuten kazetariei trabak jartzen zizkietela salatu zuen orduan kazetarien elkarteak, eta marea beltzaren inguruan egiazko datuak ezkutatzen jardun izana leporatu zieten bai bertako agintariei eta baita Madrilgo gobernuari ere.
Bestalde, Frantzian, informazio iturriak isilean gordetzeko eskubidea gero eta sarriago jartzen dela zalantzan dio txostenak eta era berean, kazetariak atxilotzeko joera areagotzen ari dela.
«Indarkeriaren beldur»
Iaz, prentsa askatasuna «dezente murriztu» zuten Kolonbian eta Venezuelan, eta egoerak hobera barik okerrera egin duela dio txostenak. Horren haritik dio kontinente hartan alde handiak daudela batetik bestera. Hala, Estatu Batuetan, Ekuadorren, Dominikar Errepublikan eta Uruguain errespetatzen da gehien prentsa askatasuna eta Kolonbian eta Kuban gutxien.
Irailaren 11ko gertaerek nabarmen eragin dute kazetarien jardunean, agiriaren arabera. «Terrorismoaren kontrako borrokan bere irudiak kezkatzen du gehien Bush, eta, hala, kazetariei gauza asko murriztu dizkie», dio idatziak.
Latinoameriketan, berriz, prentsa «indarkeriaren mehatxupean» bizi dela dio Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak: «Aurten, 9 kazetari hil dituzte Latinoameriketan, 219 jipoitu eta 122 mehatxupean bizi dira». Kolonbian egin du bereziki okerrera egoerak, baina, Brasilen, Mexikon, Perun eta Argentinan ere prentsa askatasuna «askomurriztu da». Indarkeria da Latinoameriketan prentsa askatasunaren etsairik handiena.
-
Ondorio nagusiak
Aberastasuna: Garapena eta prentsa askatasuna ez doaz beti eskutik. Hala, munduko herrialde txiroetako batzuk lehen 50en artean ageri dira, Benin, Ekialdeko Timor eta Madagaskar esaterako.
Estatu Batuak eta Israel: Herrialde barruko eta kanpoko prentsa askatasuna bereizten ditu txostenak. Euren lurretan kazetarien jardunari dioten errespetuagatik, 31. eta 44. postuetan ageri dira Estatu Batuak eta Israel, hurrenez hurren. Euren mugetatik kanpo erakutsitako jarrerak, baina, zerrendako azken postuetara eraman ditu. Armadak okupatutako lurretan lanean diharduten kazetariei jarri ohi dizkien trabak aipatzen ditu agiriak, Israelen kasuan. Estatu Batuei, berriz, Irakeko gerran hildako kazetarien heriotzak egotzi dizkie.
Arabiar herrialdeak: «Irakeko gerraren eraginez asko murriztu da prentsa askatasuna. Euren irudia zikinduko den beldurrez kazetarien gaineko presioa areagotu dute, autozentsuratzera derrigortzera arte», dio. Arabiar herrialdeen artean Libano zen orain arte prentsa askatasuna gehien errespetatzen zuen herrialdea, baina, Futur Tv katearen kontrako atentatua eta hainbat zentsura kasu tarteko, atzera egin du sailkapenean, eta Kuwaitek hartu du haren lekua.Saudi Arabian, Sirian, Libian eta Omanen, berriz, «eskura dituzten baliabide guztiak erabiltzen dituzte zentsuratzeko».
Sobiet Batasun ohia:Errusian, Ukranian eta Bielorrusian kazetariek bizi duten egoera «kezkagarria» da. Kazetari gehien hil dituzten herrialdeak dira, agiriaren arabera. Txetxeniako gerrari buruzko informazio oro zentsuratu egiten du Errusiak, txostenaren arabera. Turkmenistanen eta Uzbekistanen, berriz, agintearen kontrako kritika guztiak zentsuratzen dira.
Afrika: Informazioa gerraren menpe: Gerrek eta krisi politikoek nabarmen eragin dute Afrikako prentsa askatasunean Mugarik Gabeko Kazetariak elkartearen iritziz. Hala, iazko datuekin erreparatuta, Bolikostak (137), Liberiak (132) eta Gineak (118) atzera egin dute. Aurreneko bi herrialdeetan «gogor hartu dituzte atzerriko kazetariak», eta Ginean, berriz, hainbat komunikabide itxi dituzte militarrek.