Aspirina arrainentzat

Edu Lartzanguren.
2005eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
spirina, depresioaren aurkako botikak, hanturaren kontrakoak, desinfektagarriak, epilepsiaren aurkako eta kolesterola erregulatzeko gaiak... Halako saldan egiten dute igeri gure ibaietako arrainek eta bestelako abere zein landareek. Txizaren bidez ateratzen zaizkigu sendagaiok gorputzetik, eta ibaietan bukatzen dute gero. Europako 15 herrialdek egitasmo bat abiatu dute, ohiko kutsadura kimikoak ez ezik , botiken hondakinek zer eragin duten ikertzeko. Arazoa sakon eta zabal ikertzen den lehen aldia da.

Duela gutxi arte, industrietako eta nekazaritzako hondakinak ziren kezka nagusia. Egun, ordea, botika arruntak dira ikerketen lehentasuna. Populazioa zahartu ahala, gero eta sendagai gehiago hartzen dira, eta baliteke hori ingurumen arazo larri bihurtzea. Gure gorputzak gai horien zati bat erabiltzen du, eta gainerakoa txizaren bidez kanporatzen du. Etxebizitza zein ospitaleetako komunetatik araztegietara pasatzen da orduan. Egungo araztegiek, ordea, ez dute ahalmenik gaiok ibaietara igarotzea saihesteko. Europan, orain arte, Alemanian eta Danimarkan egin dute lan arazo honen inguruan. Alemanian, hainbat ikerketa egin dituzte, eta Danimarkan lanean ari dira dagoeneko botikak uretik bereizteko gai diren hainbat araztegi. Gainontzean, iluntasuna da nagusi. Arazoa ezagutzen dute zientzialariek aspaldi, baina orain arte, ez da ikerketa zabalik egin.

Hutsune hori betetzeko asmoa du Aquaterra egitasmoak. Bost urte iraungo du, eta Europako Batasunak (EB)13 milioi euroko laguntza eman du. EBko 13 herrialdek eta Suitzak eta Serbiak hartuko dute parte. Europako bost ibairen arroak ikertuko dituzte: Elba, Danubio, Brevilles, Meuse eta Ebro. Azken horren adar dira Euskal Herriko zenbait ibai, eta horietako datuak jasoko dituzte hainbat azterketa estaziotan.

Zer dugu uretan?

Datozen bost urteotan laginak hartuko dituzte ibai horietako azterketa estazioetan. Horrez gain, azaleko zein lur azpiko urak, sedimentuak, arrainak eta ibaietako hondoko laginak aztertuko dituzte. Ebron, egun arte, soilik Katalunian egin dituzte datu bilketa zabal eta zehatzak.

Ikerketaren lehen urratsa «uretan zer dugun» aztertzea izango da, Aquaterra egitasmoaren antolatzaileen hitzetan. Ondoren, uretan dauden botikek ibaietako animaliei eta landareei nola eragiten dieten ikertuko dute.

Dagoeneko ezagutzen dira kalteetako batzuk: epilepsiaren kontrako carbamazepinak kalte egiten die krustazeoei. Bihotzeko gaitzetan erabiltzen den propanonol gaiak medaka arrainari hazkuntza arazoak eragiten dizkiola uste da.

Izozmendiaren tontorra baino ez da, beharbada. Izan ere,sendagai horiek egunero hartzen ditugu eta egunero isurtzen dira ibaietara. Laginetan gehien aurkitzen direnak errezetarik gabe saltzen diren botikak dira, hanturaren aurkakoak, adibidez. Industriek sorturiko kutsaduraren aurkako borrokan aurrerakada handia egin da Europan azken hamarkadetan. Horregatik, egun, botikek eragindako kutsadura da kezkarik handiena zientzialarientzat. Legeak gai kutsagarri bezala sailkatzen ez dituenez, ia ez dago eraginen inguruko ikerketarik. Ekainean abiatu zen Aquaterra egitasmoa. Antolatzaileek diotenez, asko ikertu behar da oraindik, botika saldan murgilduta egoteak bizidunengan epe luzean duen eragina jakiteko. Litekeena da zientzialari, industria eta politikariei, etorkizunean, buruko min handia ematea arrainen aspirinak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.