Auzipeturiko zazpi gizonetatik sei errudun direla ebatzi du epaileak

12 eta 15 urte bitarteko neskak bortxatu izana leporatu diete guztiei

ERREDAKZIOA
2004ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Pitcairn auzian auzipetutako zazpi lagunetatik sei errudun direla ebatzi zuen atzo epaileak. Pitcairn uhartean (Ozeano Barean) 12 eta 15 urte bitarteko neskak bortxatu izana leporatu diete guztiei. Seiek onartu egin dituzte euren kontrako karguak. Fecher Christian Erresuma Batuko Itsas Armadaren HMS Bounty itsasontziko lehen ofizial matxinoaren oinordekoak dira guztiak. 1789. urtean, William Bligh kapitainaren kontra matxinatu ziren Christian eta eskifaiako beste zortzi kide, bidaian jasotako tratu txarrengatik.

Sexu gehiegikeriak jasan zituzten zortzi emakumek deklaratu dute epailearen aurrean. Zeelanda Berrian bizi dira denak, eta telekonferentzia bidez hartu die epaileak deklarazioa. Adingabeak bortxatu izanaz akusatutakoen abokatuek argudiatu dute haurrekin sexu harremanak izatea normala dela Pitcairnen; usadioa dela. Akusatuek, gainera, uharteko emakumeen babesa jaso zuten. Haurrekin sexu harremanak izatea aspaldiko ohitura zela esan zuten Pitcairneko bizilagunek New Zealand Herald egunkariari egindako adierazpenetan. Pirtcairn uhartea puntu txiki bat da Ozeano Barean: 4,5 kilometro koadro baino ez. Peru eta Zeelanda Berria artean dago, Zeelanda Berritik 4.000 itsas miliara. Erresuma Batuaren azken kolonia da. Guztira, 47 lagun bizi dira han.

Auziaren nondik norakoak

1999. urtera egin behar da atzera, Pitcairnen historiako lehenengo epaiketa honen nondik norakoak azaltzeko. Urte horretan, Pitcairneko gizonek umeak bortxatzen zituztela ohartarazi zuen uharteko Polizia entrenatzen zuen ofizial emakumezko batek. Haren ondotik, bata bestearen atzetik etorri ziren gizonen kontrako salaketak. Guztira, 20 lagunen kontrako salaketak jarri zituzten. Akusatuetako sei adingabeak ziren. Haietako zazpi auzipetu egin zituzten. Salatzaile gehienak, berriz, uhartetik kanpo bizi dira egun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.