Baikal aintzira salbatzeko, petroliobidea aldatu dute

Ur bazterretik 800 metrora jarri nahi zituzten hodiak 40 km urrundu beharko dituzte

Erredakzioa
DONOSTIA
2006ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Garaipena Errusiako mugimendu ekologistarentzat. Siberiako petrolioa Ozeano Bareko kostaldera eramango duen hodi sistemaren ibilbidea aldatuko dute, Baikal aintziratik urruntzeko. Petroliobidea 40 kilometro iparralderago jartzeko agindua eman zuen atzo Vladimir Putin Errusiako presidenteak. Baikal munduaren ondasuna da, UNESCOk izendatuta. Errusiako Amurreko lehoinabarraren azken basa bizilekua da, beste ehunka espezieren artean.

«Petroliobidea iparralderago igaroko da, eta gaia itxita dago», esan zuen atzo Putinek, Siberiaren garapena aztertzeko bilera batean. Batzarrean ziren, besteak beste, Transneft konpainiako zuzendariak. Estatuko enpresa horrek du petroliobidea egiteko ardura. «Ez ditugu aginduak zalantzan jartzen», erantzun zuen Simon Vainshtok Transneften presidenteak.Erakunde ekologisten eta Errusiako gizarte zibileko beste hainbat talde zein gizabanakoren protesta ozena eragin du Siberiako petroliobideak. Hasierako egitasmoaren arabera, Baikal aintziraren bazterretik 800 metrora igaro behar zuten hodiek. Ekologistek argudiatzen dutenez, lurrikara asko izaten dira eskualde horretan. Horietako batek hodiak hautsiz gero petrolioak Baikalen ekosistema suntsituko lukeela diote.Hodien ibilbidea aldatzea milaka milioi dolar kostatuko zela argudiatzen zuen, berriz, Transnef konpainiak. Segurtasuna handitzeko, hodiaren lodiera handituko zutela agindu zuten (bederatzi milimetrotik 27ra) eta segurtasun balbula gehiago jarriko zituztela (bost kilometroan behin, 32 izan beharrean). Errusiako ingurumen agentzia ofizialak oniritzia eman zien Transneften asmoei.«Etorkizuneko belaunaldien interesak kontuan hartuta, Baikal kutsatzeko aukerarik txikiena ere saihesteko ahal den guztia egin behar dugu», esan zuen atzo, ordea, Putinek.

«Ekologikoki onartezina»

Baikal aintzira, munduko ur gezako lakurik handiena (23.000 kilometro kubo), sakonena (1.637 metro) eta zaharrena da (25-30 milioi urte). Munduko ur gezaren %20 baino gehiago biltzen du.

Azken hilabeteotan manifestazioak egin dituzte Errusiako hainbat hiritan, batez ere, Irkutsken, baina horien berririk ez dute zabaldu Moskuk kontrolaturiko hedabide handiek.Petroliobidearen Baikalgo zatia «ekologikoki onartezina» zela esan zuen urtarril hasieran egitasmoak ingurumenean duen eragina aztertu duen aditu taldeak. Taldeko 52 zientzialarietatik 43k ibilbidea aldatzeko eskatu zuten. Gobernuak ez zuen, ordea, iradokizuna onartu eta aditu taldean beste 34 kide sartu zituen, eta hilabete batez luzatu zuen azterketa epea.Kremlinek iritzia aldatuta, bi aukera daude egun egitasmoa abiatzeko. Ibilbide berria zehaztu arte itxaron, edo, Putinek atzo iradoki bezala, bi muturretan eraikitzen hasi, lotura geroko uzteko. «Garaipena da Errusiako gizarte zibil osoarentzat, ez soilik mugimendu ekologistarentzat», esan zuen atzo Greenpeace-Errusiako eledun Andrei Petrovek.

Siberia-Ozeano Barea egitasmoa



Luzera: 4.130 kilometro, Alaskako petroliobidea baino hiru aldiz luzeagoa.

Kostua: Aurrekontuen arabera, 15.000 milioi dolar kostatuko da petroliobidea.

Helburua: Siberiako petrolioaz Txina, Japonia eta Hego Korea hornitzea.

Ahalmena: 1,6 milioi upel egunean, 80 milioi tona petrolio urtean.

Eraikuntza faseak: Taishet-Skovorodino, Skovorodino-Ozeano Bareko kostaldea.

Terminala: Perevoznaian egin asmo zuten petroliobidearen bukaera, baina aukera baztertu zuten otsailean. Litekeena da Kozminon egitean, Primoire eskualdean.

Baikalgo zatia: Aintziratik 800 metrora hurbiltzen zen egitasmoa. Moskuk atzo erabaki zuenez, gutxienez 40 kilometro urrundu beharko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.