Banatu dituzte garezurretik lotuta zeuden anaia siamdarrak

Larunbat goizean hasi zuten ebakuntza, Dallasko Haurrentzako Osasun Zentroan, eta atzo amaitu, 27 ordu igaro eta gero, «ezusteko» barik; garezurrak eta kaltetutako giharrak estaltzeko lanetan ari dira orain kirurgialariak

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ahmed eta Mohamed Ibrahim garezurretik elkartuta jaio ziren Egiptoko anaia siamdarrek ohe banatan egin dute lo bart, bizitzan lehen aldiz. Hala jakinarazi zuen atzo Dallasko Haurrentzako Osasun Zentroak (Ameriketako Estatu Batuak), ebakuntza hasi zutenetik 27 ordura. Bi anaiak banatzeko orduan ez zela ezustekorik izan eta ebakuntza «iragarri moduan» egin zutela jakinarazi zuen atzo mediku taldearen bozeramaileak.

«Uste moduan joan da ebakuntza. Ez dugu ezustekorik izan eta kirurgialariek aurreikusita zituzten arazorik ere ez da izan», adierazi zuen Jim Thomas Dallasko Haurrentzako Osasun Zentroko bozeramaileakatzo. Ebakuntzan haurrek ez zutela odol askorik galdu esan zuen Thomasek, eta biriketako arazorik ere ez zutela izan.

Jim Thomas komunikabideen aurrera agertu zen unean banandutako haurren garezurrak berregiten eta josten ari ziren kirurgialariak, hark azaldu zuenez. «Horretarako euren buru eta hanketako azala erabiliko dute kirurgialariek», zehaztu zuen Thomasek horren harira. Duela bost urte gailu bat txertatu zieten buruko eta hanketako azala tenkatzeko bi haurrei, ebakuntza egin ostean garezurra estaltzeko nahiko azal bateragarri izateko asmoz.

2002ko ekainean, artean urtebete eskas zutela, eraman zituzten aurrenekoz Dallasko Haurrentzako Osasun Zentrora bi anaiak, eta orduz geroztik bertan izan dituzte. Ebakuntza larunbat goizeko zazpiak inguruan hasi zuten Euskal Herrian arratsaldeko bostak aldera, eta 40 erizain, mediku eta kirurgialarik parte hartu dute.

«Zailena», sagital zaina (burmuineko odola berritzen duen zain nagusia) banatzea izan da, medikuen esanetan. Izan ere, Ahmed eta Mohamedek garun bana zuten arren, sagital zain bera partekatzen zuten. Horrexek kezkatzen zituen gehien medikuak ebakuntza hasi aurretik ere, zaina kalterik egin barik banatu ezean, hil egin zitezkeelako bi haurrak. Kennet Salyer medikuak bi anaiak ebakuntza mahaian hiltzeko arriskua «handia» zela ohartarazi zuen kirofanoan sartu aurretik. Alde onen eta txarren gainean luze hausnartu zutela jakinarazi zuen orduan Salyerrek, baina aurrera egitea erabaki zutela gaineratu zuen, «banandu ezean ez dutelako inoiz pauso bat egiteko aukerarik izango».

Haurrek begiak ixteko, lepoa mugitzeko eta irensteko arazoak zituzten, eta lau hankatan baino ezin zuten ibili.

«Arazorik izango den zehazteko goizegi da»

Garezurretik elkartutako bi anaiak banatu dituzte jada, baina aurrerantzean arazoren bat izango duten esateko «oraindik goizegi» dela zehaztu zuen atzo Juan Antonio Tovar, Fatima eta Amina Aguin Marokoko bi ahizpa siamdarrak banatu zituen kirurgialari eta Madrilgo La Paz ospitaleko Haurren Zirujia saileko zuzendariak. «Egiptoko anaia siamdarrak banatzeko ebakuntza arriskutsua eta lan handikoa izan da; burmuineko odola berritzen duen zain nagusia banatu eta haur bakoitzari lan hori egiteko adina zain jartzea ez da erraza, baina badirudi lortu dutela. Hala ere, ebakuntza asko egin beharko dizkiete aurrerantzean garezurrak berregin eta burua estaltzeko», esan zuen. Nolanahi ere, Dallasko Haurrentzako Osasun Zentroko kirurgialarien lana goraipatu zuen Tovarrek, «bereziki garezur barruko zain guztiak aztertzen hartutako lanagatik».

Laleh eta Ladan Bijani Irango ahizpen kasua gogora ekarri zuen Tovarrek. Bijani ahizpak garezurretik elkartuta zeuden, eta joan zen uztailean hil ziren, medikuak ebakuntza egiten ari zirenean. 29 urte zituzten ahizpek hil zirenean, eta bi urte eskas Ibrahim anaiek. Horren harira Tovarrek esan zuen: «Gazteagoak dira Egiptoko bi anaiak, eta horrek asko errazten du euren hezurrak eta ehunak banatzea». Laleh eta Ladan Bijani ahizpa siamdarrak hil zirenetik egin den antzeko lehen ebakuntza izan da hau.

Erroman, bestalde, lokitik elkartutako bi ahizpa siamdar banatu dituzte asteburuan. Lau hilabete eskas dituzte haurrok eta Egiptokoak dira. Bi ahizpak banatzeko ebakuntza Gemelli ospitale poliklinikoan egin zuten, eta hamabi ordu iraun zuen, ospitaleko iturriek herenegun jakinarazi zutenez.

P BESTE KASU BATZUK



 

Arrakastak porrotak baino gehiago izan dira





Ahmed eta Mohamed Ibrahimen aurretik beste hainbat kasu ere izan dira. Aurrekaririk ezagunena, baina, Laleh eta Ladan Bijanirena da. 29 urteko ahizpa siamdarrek ez zuten gainditu 52 orduko ebakuntza. Kirurgialarien arabera, bizirik irteteko %50eko aukera zuten bi ahizpek. Izan dira, ordea, ondo amaitu diren ebakuntzak ere. Maria izeneko bi urteko Guatemalako ahizpak dira horietako batzuk. Ebakuntza duela urtebete egin zuten AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Medikuen esanetan, bi neskek geroztik arazo txiki batzuk izan dituzten arren, normal bizi dira. Arrakasta izan zuten Singapurren, duela bi urte, Nepalgo bi anaia banatu zituzten kirurgialariek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.