Laborategietan eta ikerketa zentroetan lanean aritzen diren ikertzaileen jarduna arrotza izaten da maiz gizarteko sektore askorentzat. Ulertzen zailak izaten dira gaiak, eta esplikatzen korapilatsuak. Elhuyar Fundazioaren Basque Research webgunea(www.basqueresearch.com) inkomunikazio egoera horretan komunikazioa sustatzen ari da 2002. urtetik. Euskal Herriko ikerketa, garapena eta berrikuntza zabaltzeko eta bultzatzeko nazioarteko sarea da, gero eta ezagunagoa. Egunotan lehengo urteko jardunaren balantzea egin dute atariko arduradunek eta datu esanguratsuak plazaratu dituzte: iaz 211.509 erabiltzaile izan zituzten atarian, eta 200 albiste inguru argitaratu zituzten. Etenik gabeko emaria da informazioa Basque Research-en.
Garazi Andonegi eta Irati Kortabitarte dira atariaren arduradunak. Gero eta jende gehiago erakartzea lortzen dutela-eta pozik daude: «Abendu honetan, esaterako, 21.379 erabiltzaile izan ditugu. Hori, gunea sortu zenetik inoiz izan den erabiltzaile kopuru handiena da».
Hiru hizkuntzatan, eta mundu zabalera
Euskal Herrian ikerkuntzaren munduarekin lotura duten albiste eta ekitaldien berri ematen dute atarian, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Albiste horietako asko nazioarteko zientzia eta ikerkuntzari buruzko atari ezagunetara ere bidaltzen dituzte ondoren. Iaz, esaterako, 108 albiste argitaratu zituzten mundu zabalean erreferentzia diren atarietan (Alphagalileo, CORDIS Wire, Eurekalert!, Innovations-report, Madrid+d).
Erakusleihoa da Basque Research, mundura irekia. «Izan ere, gure helburu nagusia Euskal Herrian egiten den ikerkuntza bildu eta horren irudi bat ematea da, bai hemen, Euskal Herrian bertan, eta bai nazioartean. Halaber, atariak aukera ematen die ikertzaileei eta ikerketa zentroei elkarren berri izateko eta ezagutzeko. Harremanak eta sinergiak bultzatzea ere bada helburu», azaldu du Garazi Andonegik.
Urteotan, apurka-apurka, zientzialari askok Basque Researchera jotzeko ohitura hartu dutela dio, eta gero eta harreman emankorragoa dutela atariarekin: «Hasieran gehiago kostatzen zen albisteen berri izatea, baina gero eta errazagoa da». Komunikazioari garrantzia ematen dioten erakundeak gero eta ugariagoak direla argi ikusi dute Basque Researchen arduradunek, eta zientziaren eta dibulgazioaren arteko zubian gero eta zirkulazio biziagoa dagoela.Horren adibide argia ere badira iazko jardunari buruz plazaratu dituzten datuak: 200 albiste argitaratu zituzten denera atarian eta 325 zientziarekin eta ikerkuntzarekin lotutako ekitaldiren berri eman zuten. Denera ataria martxan jarri zenetik 758 albiste argitaratu dituzte. Albisteetan zientziarekin edo ikerkuntzarekin lotutako ekarpenen bat eskatzen dute beti. Baztertu egiten dituzte promozio hutsekoak.
155 ikertzaile, berriemaile
Gaur egun155 berriemaile daude erregistratuta Basque Researchen. Euskal Herriko ikertzaileak dira, beren jardunaren berri emateko prest. Halaber, 103 kazetari daude atarian izena emanda. Ataria informazio iturri da horientzat. Punta-puntako ikerkuntzaren berri izateko aukera emate die. Kazetari gehienak atzerritarrak dira: «Soilik %10 dira Euskal Herrikoak».
Bisitariak ere baditu Basque Researchek: 297. «Berriemaileen edo kazetarien profilean sartzen ez diren edo sartu nahi ez duten pertsonak dira, baina guk lantzen ditugun gaietan interesa dutenak», zehaztu du Garazi Andonegik. Erregistratutako pertsona guztiek maiztasun jakinarekin jasotzen dute Basque Researchekoek zabaltzen duten informazioa.Ospe handia lortu du Basque Researchek. Discovery Channel telebista kate ezagunak, TheSun egunkariak eta New Scientist aldizkariak, esaterako, Basque Researchen argitaratu eta nazioarteko sarearen bidez zabaldutako albisteen gaineko informazioa eskatu izan diete. Eta antzeko esperientzia gehiago ere badituzte. Handiekin daude. Sarean.
Basque Research, ikerkuntza plazara
2002an sortu zuten Basque Research webgunea, euskal ikertzaileen lanaren berri emateko; erreferentzia da jada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu