Urte bi joan dira Brasilgo Gobernuak deforestazioaren kontrako egitasmoa abian jarri zuenetik. Gaur egun, satelite bidez zaintzen dute oihana. Luiz Inacio Lula Da Silvapresidente hautatu zutenetik hona, historiako oihan erretserba handienak sortu dituzte Brasilen. Lula Da Silvaren gobernuak, orotara, 7,7 milioi hektarea babestu ditu 2003. urtetik gaur arte. Horietatik 5,5 milioi hektarea Parako estatuan, Brasilgo iparraldean.
Altzairugintza
Edozelan ere, egunetik egunera txikitzen ari da Brasilgo Amazonia. Izan ere, gutxienez 120.000 arbola botatzen dituzte egunero siderurgia konpainiek, legez kanpo. Egur hori ikatza egin eta arrabioa ekoizteko erabiltzen dute gero. Labe garaitik ateratzen den lehen galdaketako burdinari deitzen zaio arrabioa. % 2,5etik % 5era bitarte karbonoa da, eta silizioa, manganesoa, sufrea eta fosforoa ere izaten ditu gutxiago edo gehiago. Altzairugintzako eta burdingintzako lehengaia da. Brasil Latinoamerikako altzairu ekoizle handiena da. Urtean 32 milioi tona altzairu ekoizten ditu batez beste.
Azken bi urteotan Brasilgo Ingurumen Ministerioko teknikariek hainbat ikuskatze egin dituzte siderurgia konpainia horietako askok Maraba hirian (Parako estatuan) dituzten lantegietan, eta legez kanpo moztutako milaka tona egur konfiskatu dute . «Estatistikek erakusten dute Marañongo eta Parako estatuetako arrabio plantetan sartzen den egurraren %80 legez kanpo moztutakoa dela», salatu du Brasilgo Gobernuak, Amazoniako baso-soiltzearen gaineko azken txostenean. Eta legea gogortu arren, legez kanpoko egur ustiaketak gora egin du, arrabio eskaera «ikaragarri» handitu delako azken urteotan.64.000 metro kubo ikatz sortzeko, gainera, 192.000 metro kubo inguru egur behar da.Ibama Brasilgo Ingurumen Gaietarako Institutua da. Haren ustez, enpresa siderurgikoak dira Amazoniako baso-soiltzearen erantzule nagusiak. Brasilgo ipar-ekialdean eta hego-ekialdean daude altzairugintza lantegi nagusiak. «Lege urratze garbia da. Baliabide naturalak ustiatzen ari dira legez kanpo, eta, gainera, beharginen lan baldintzak negargarriak dira askotan», salatu du Ibamak. Haren arabera, langileek esklaboen pare lan egiten dute, ezerezaren truke. Horietako asko nekazariak dira. Arbolak moztu, basoa garbitu eta nekazaritzarako edota abeltzaintzarako prestatzen dituzte gero lurrak. Nekazari askok Estatu Batuetako konpainia handientzako lan egiten dute. Oihanari kendutako lurretan soja landatzen dute batez ere. Soja hori Txinara eta Europara saltzen dute gero. Munduko soja ekoizle handienetakoa da Brasil. Horren harira, Greenpeace erakunde ekologistak salatu du urtebeteren buruan ia 12.000 kilometro koadro kendu zizkiotela oihanari Mato Grosso estatuan soja landatzeko. Nekazarien beharrei erantzuteko eskatu dio Gobernuari. Paolo Mouthinho ere bat dator Greenpeacekin. Ingurumenaren Ikerketarako Amazoniako Institutuko arduraduna da Mouthingho. Greenpeacek salatutakoaren ildotik, Mouthinhok esan du Gobernuaren esku dagoela nekazariei beste lurrak eskuratzeko erraztasunak ematea, hori delako bere ustez oihanak desagertzeko arrazoi nagusia.
-
Amazonia datuetan
Eremua: Amazoniako oihana Mendebaldeko Europaren tamainakoa da. Sei milioi kilometro koadro inguru hartzen ditu. Brasilgo Amazoniak, berriz,herrialdearen %70 hartzen du.
Oihan tropikala: Munduko oihan tropikalen %53 inguru da Amazonia.
Bioaniztasuna: Munduko espezieen %30 inguru Amazonian bizi dira. Gaur artean, 40.000 landare espezietik gora identifikatu dituzte, adibidez. Era berean, lurreko 2.600 ornodun espezieri jarri zaie izena. Ikertzaileen ustez, baina, beste horrenbeste eta gehiago ere izan daitezke. Adibide bat: 1.000 armiarma espezie inguru identifikatu dituzte gaur artean, baina beste 8.000 inguru egon daitezkeela uste dute. Horrezaz gain, 3.000 arrain espezie, 300dik gora ugaztun espezie eta 1.000tik gora hegazti espezie identifikatu dituzte. Munduko tximeleta espezieen laurden bat Brasilgo Amazonian bizi dira. Landareetan, berriz, 40.000 espezie inguru identifikatu dira. Amazoniako arbola bakar batean 95 txindurri espezie aurkitu zituzten behin ikertzaileek.