'Clemenceau' itzultzeko agindu du Chiracek

Amiantoz beteriko hegazkinontzia Indiara garbitzera ez eramatea «garaipena» dela diote ekologistek

Edu Lartzanguren.
2006ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Indiako langile txiroek azkenean ez dituzte Frantziako Clemenceau hegazkinontziko amiantoa eta beste gai toxikoak garbitu beharko. Frantziako Estatu Kontseiluak ontziaren Indiarako bidaia bertan behera uztea ebatzi zuen atzo, eta ordu gutxira ontzia itzultzeko agindu zuen Jacques Chirac presidenteak. Hala amaitzen da, oraingoz, Frantziaren handinahiaren ikur izatetik Chiracen eta Michele Alliot-Marie Defentsa ministroaren eskuak erre dituen patata beroa izatera pasatu den Clemenceau hegazkinontziaren afera diplomatikoa. Ekologistek eta amiantoaren kontrako taldeek garaipena aldarrikatu dute, baina estatu aberatsei euren zaborra herrialde txiroetan botatzeari utz diezaioten eskatu diete beste behin ere.

Ontzia Indiako kostaldetik 700 itsas miliara zegoen atzo, Asiako hegoaldeko herrialdearen uretan sartzeko baimenaren zain. Europara itzuliko da datozen egunetan, «behin betiko konponbidea» aurkitu arte, Chiracek atzo esan zuenez. «Frantziak eredugarri izan behar du eta gardentasun osoz aritu (...) ontziak desegiteko gaian, ingurumen arazoak sortzen dituelako mundu osoan», gaineratu zuen.«Garaipena da Indiako langileentzat eta ontziak desegiteko lanean dabiltzan guztientzat», esan zuten atzo Clemenceau Indiara eramatearen kontrako auzia bultzatu duten taldeek batera sinaturiko agirian.

«Objektu arriskutsua»

Frantziako Defentsa Ministerioak eta Alemaniako Eckhard Marine enpresak Ðontzia desegiteko lana bere gain hartu duÐ ontzia Indiara bidali nahi zuten, han desegin zezaten, langileak eta ingurumena babesteko legedia askoz laxoagoa delako han.

Clemenceau Indiara ez eramateko eta Frantzian garbitzeko exijitu zuten Defentsa Ministerioa salatu duten taldeek. Basileako Ituna aintzat hartzeko eskatu zuten. Estatu aberatsei euren zabor toxikoak herrialde txiroetara esportatzea debekatzen die itun horrek. Haatik, lege zirrikitu bat erabili zuen Frantziako Defentsa Ministerioak Basileako Ituna ez betetzeko. Argudiatu zuenez, ontzia esporta zezakeen Indiara, ez zelako zaborra. Ur gainean zebilen bitartean, Clemenceau «ontzi» bat zela, eta Indiara heldu arte ez zela «zabor» izango argudiatu zuen Alliot-Marie Donibane-Lohizuneko ministroak.Estatu Kontseiluak, ordea, ontzia «objektu arriskutsutzat» jo zuen atzo eta Indiara eramateko ahalegina bertan behera uzteko agindu zuen.Alliot-Marien arabera, ontziko kroskoan 46 tona amianto baino ez dago. Adituek joan zen astean esan zutenez, ordea, 500 eta 1.000 tona artean daude oraindik ontzian. Horrez gain, oraindik ez dute argitu zer gertatu den ontziari Toulonen ustez kendu baina hondakin biltegira heldu ez diren 30 tona amiantorekin.Frantziako komunikabideek atzo nabarmentzen zutenez, aferak kalte handia egingo dio Alliot-Marie ministroari. «Gobernuak protagonista izan nahi duen arren, Chiracek Clemenceau-ren afera kendu behar izan dio eta berak zuzenean kudeatu», idatzi zuen atzo AFP berri agentziak.

Indiatik Bretainiara

Defentsa ministroak bere jarrera defendatu zuen atzo arratsaldean emaniko prentsaurrekoan. Clemenceau-ren afera gobernu sozialistatik jasotako gaia dela argudiatu zuen. Ontzia Bretainiara, Bresteko kaira, eramango dutela iragarri zuen. Bidaia Esperantza Oneko Lurmuturretik (Hegoafrika) egin beharko dute, Suezko kanalean Egiptok blokea ez dezan. Garraioarengatik milioi bat euro ordaindu beharko ditu Frantziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.