Quiron erietxeak Enbrioia Ezarri aurreko Diagnostiko Genetikoa (PGD) izeneko sistema aurkeztu zuen atzo Donostian. Horrekin batera, Euskal Herrian sistema horren bitartez lortutako lehen haurdunaldiaren berri ere eman zuten. Gorka Barrenetxea Bilboko Quiron erietxeko Lagundutako Ernalketarako Unitateko arduraduna da. Haren esanetan, bikoteak lau abortu izan zituen sistema hau erabili aurretik. Orain, baina, emakumeak «igaro du etaparik zailena» eta haurdunaldia aurrera doa.
Koldo Carbonero Quironeko Ginekologia Zerbitzuko arduradunak adierazi zuenez, gaixotasun jakin batzuk saihestea da PGDren helburua. «Badira gizonezkoei soilik eragiten dieten gaitzak. Sistema honek enbrioiaren sexua hautatzeko aukera eskaintzen du, besteak beste», azaldu zuen Carbonerok.Lagundutako ernalketarako prozesuek eta genetikak «bat egiten dute» sistema honetan. Lehenik, emakumearen obuluei espermatozoideak txertatzen zaizkie. Prozesu horrek enbrioiak sortzea du helburu, baina hori «kasu batzuetan soilik» lortzen da. «Bizia sortzea ez dago adituen esku. Naturak erabakitzen du zein obuluk jarraituko duen aurrera», esan zuen Miren Mandiola Quironen Lagunduriko Ernalketarako Laborategiko arduradunak.Enbrioia sortu eta 48 ordura zelulak zatitzen hasten dira eta bi edo lau zelulako enbrioi bat ikus daiteke. Hirugarren egunean, jadanik, sei edo zortzi zelula izan ohi ditu enbrioi bakoitzak. Zelula horiek badute ezaugarri berezi bat: denek informazio genetiko bera daramate. Beraz, zelula bat aztertuz gero, enbrioi osoaren ezaugarriak ezagutu daitezke. Horretaz baliatuz, laser batekinahalik eta zulorik txikiena egiten da. Zulo horretatik zelula bat edo bi hartuko dituzte aztertu ahal izateko. Zuloa handiegia bada, baina, enbrioiari kalte egiteko arriskua dago.Enbrioitik ateratako zelulari nukleoaren inguruan duen zitoplasma kentzen diote. Azkenik, nukleoan dagoen informazio genetikoa aztertu eta informazio egokia duen enbrioia hautatuko dute, emakumeari txertatzeko.Teknologia hori gaixotasun zehatzen kasuan ez ezik, lagundutako ernalketa egin eta arrakastarik izan ez dutenekin eta adinean aurrera doazen emakumeekin ere erabiltzen da.
Lau emakumetik bat gelditzen da haurdun
Carborenok azaldu zuenez, PDGa erabiltzen duten lau emakumetik bat haurdun geratzen da. Horretaz gain, teknika honek umekiaren sexuaren berri jakiteko aukera ere eskaintzen du, baina hori, oraingoz, ez da legezkoa. Joseba Beitia Donostiako Quiron ospitaleko buruaren esanetan, ordea, «asko dira» haurraren sexua hautatzearen aldekoak. Beraz, «zilegi litzateke» hemendik urte batzuetara hori legeztatzea. Egun, Belgikan, gurasoek haurraren sexua hauta dezakete.
Lehen, oso zabaldua zegoen «haurraren sexuaren erantzulea» emakumea zen ustea. Baina, Carboneroren esanetan, espermatozoidea da sexuari buruzko informazio genetikoa daramana.
1960ko hamarkadaren amaieran hasi ziren sistema hau ikertzen, animaliekin. Haien helburua enbrioiaren sexua zein zen jakiteko teknologia garatzea zen.Era horretan, aurkitu zituzten Y kromosoma identifikatzeko gai ziren zunda genetikoak. Horri esker, enbrioiaren sexua jakiteko aukera zuten zientzialariek. Ondoren, gizonezkoaren ezaugarriak zituen enbrioi bat txertatu zioten emakume bati. 1990ean jaio zen haurra.Beitiaren arabera, egun PDG teknologia kasu jakin batzuetarako soilik erabil daitekeen arren, etorkizunean gaixotasun genetiko «gehienak» saihestu ahal izango dira. «Mutazio genetiko batek eragindako gaitz guztiak desagerrarazteko gai izango gara», esan zuen.PDGren kasuan bikoteek jarraitu beharreko prozesua «oso antzekoa da». «Aldaketa bakarra» emaitzak jasotzeko itxaron beharreko denbora da. Ohiko prozesuari jarraituz gero, 48 ordu itxaron behar dute; kasu honetan bost edo sei egun.
Tratamenduaren prezioari dagokionez, berriz, 6.000 eta 9.000 euro artean ordaindu behar izaten dituzte bikoteek.
LAGUNDURIKO ERNALKETA
Enbrioia ezarri aurretik ezaugarri genetikoak ezagutzeko sistema
Gaixotasun genetiko jakinak saihesteko erabiltzen dute, normalean, PDG izeneko teknologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu