TEKNOLOGIA ETA GIZARTEA

Espaziontziak eta urdaiazpikoak

Europako Espazio Agentziaren teknologia gizarteratzeko plana azaldu dute Donostian Jesus Marcosek eta Pau Planasek

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Zerikusirik ba al dute espaziontziek eta urdaiazpikoek? Gero eta gehiago, antza. Izan ere, urdaiazpikoei merkaturatu aurretik egiten dizkieten kontrolak astronauten osasun egoera aztertzeko diseinaturiko sistemen bidez egiten dira egun. Teknologia transferitzea edo gizarteratzea esaten zaio asmakizunok espaziotik gure eguneroko bizitza aldatzera jaisteari. Espazioaren esplorazioan egiten den gastu itzela amortizatzeko eta gizartearen aurrean alferrikakoa ez dela erakusteko aukera da Europako Espazio Agentziarentzat.

«Argindarra sortzeko eguzki plakak, autoetako airbagak, jana zartaginetan ez itsasteko tefloia... Egunero erabiltzen ditugun produktu eta teknologiak espazioan sorturiko arazo bati emaniko konponbideetatik datoz», dio Jesus Marcos Olaia kimikariak. Espaziorako materialetan aditua izan zen Europako Espazio Agentzian (ESA) 1990eko hamarkadan. Egun, ESAren teknologia transferentzia programa zuzentzen du Euskal Herritik INASMET ikerketa zentrotik Espainia eta Portugalerako.Astronautei espazioan, orbitan, gertatzen zaizkien giharretako atrofia prozesuak hautemateko sistema bat jorratzen ari daPau Planas ikertzaile kataluniarra. MARES izeneko sistemak giharrak eta hezurrak nola ahultzen diren aztertzen du. «Misio luzeei aurre egiteko, Marterako bidaia esaterako, ikertu nahi dugu», dio Planasek. Tresna hori garatzen ari da ESAko kide ohi honen NTE enpresak, eta Nazioarteko Espazio Estazioan (ISS) erabiliko da lehen aldiz. Sistema hori espazio teknologiaren gizarteratzearen adibide argia da, Planasen arabera: «Espaziorako diseinatu da, baina erabilera aukera handiak ditu gaixoen errehabilitazio tratamenduetan». Gorputzaren gihar taldeak mugiarazten ditu sistemak, eta horien egoera zein den jakiteko neurketak egiten ditu. Halako tresneria erietxeentzako ekoizten dituzten enpresekin hitz egiten ari dira dagoeneko, «transferentzia zirkulua osatzeko».

«Nola gasta daiteke horrenbeste espazioan?»

Donostiako Teknologia Parkeko Kutxaespazioan elkartu ziren joan zen ostegunean Planes eta Marcos Espazioko teknologiatik gizarte teknologiara izenburupean eginiko jardunaldian parte hartzeko. Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkarteak (APTES) antolatu zuen ekitaldia. Duela bi urte sorturiko elkartea da, eta teknologia berriek elbarri eta adinekoei, zein gizarteari oro har, laguntzeko ematen dituen aukerez hausnartzea du xede.

Europako Espazio Agentziak interes handia du gizarte errentagarritasun hori agerian uzteko. «Jende askok hau esaten du: nola gastatu daiteke horrenbeste diru zunda bat Titan ilargira eramaten?», adierazi dio Marcosek Berriari. «Ulertuko balute horren harira eguneroko bizimodua errazteko konponbideak eta teknologiak aurkitu dituztela, beste modu batera baloratuko lukete gastua». Nola jaisten da, ordea, teknologia hori espaziotik Lurrera? ESAk egitasmo bat dauka transferentzia hori errazteko, eta, bere datuen arabera, 150 saio arrakastatsu egin dituzte jada, eta espazioko 450 teknologia dituzte prest eskaintzeko. «Honela egiten dugu», azaldu du Marcosek: «Bi aldeak jartzen ditugu harremanetan, alde batetik teknologia garatu duena eta teknologia horren beharra duena. Sendagileekin, arkitektoekin, hitz egiten dugu. Zer behar duten galdetzen diegu, eta, orduan, bikotekidea aurkitzen saiatzen gara».Planas prozesu horren bestaldean dago, hau da, teknologia berezi horiek merkaturatzen dituzten enpresen munduan. Zientzialarien eta enpresen arteko harremana bi norabidekoa da, haren arabera: «Harreman horretatik sekulako berrikuntza teknologikoak ateratzen dira».Transferentzia prozesua ez da, haatik, erraza izaten beti. Espaziorako sekulako kalitateekin sortzen da oso kopuru txikian erabiltzeko. Merkatuan, berriz, merke eta kopuru handitan ekoiztu behar da.Pixoihal modernoak asmatu zituzten, besteak beste, Apollo egitasmoan, gizakia ilargian jarri zuen misioan. Kualifikazio handiko dozenaka mila teknikarik egin zuten lan egitasmo horretan 10 urtez. Egitasmoa bukatu zenean, langileotako askok jarraitu zuten espaziogintza alorrean, baina beste askok lana aldatu zuten eta oso eskarmentu garrantzitsua eraman zuten enpresa mundura. Ezagutza hori bestelako enpresetan zabaltzen joan zen. Alor edo merkatu baten maila teknologikoa handitzen laguntzen du horrek, Planesen arabera. AEBetan esaten dutenez, espazioan gastatzen den dolar bakoitzak bost dolar sortzen ditu merkatuan.Hamar egitasmotatik zazpierabilerarik gabeko teknologia polit gisa geratzen da. Ateratzen dena, berriz, sekulako arrakasta izaten da, karbonozko eskiak, edo mikrouhin labeak lekuko. Noiz hasiko gara, beraz, Saturnoren ilargi Titan aztertu duen Huygens zundarako garaturiko teknologiaz baliatzen? Ez dago lasterbiderik, bi adituon arabera: «Zazpi edo zortzi urte behar izatea ez da harrigarria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.