Arazo barik jaurti zuten atzogaueko 21:46ak Euskal Herrian Cosmos 1 espazio belaontzia, Barents itsasotik, Errusiako Kalmar izeneko urpekotik. Cosmos 1 ontzia berezia da oso. Izan ere, eguzki haizea baliatuko du espazioan barrena bidaiatzeko. Ontziak zortzi bela handi ditu eta horiek ispilu baten lana egingo dute, eguzkiaren argi partikulak edo fotoiak erradiazio elektromagnetikoaren kuantua jasotzeko. Planetary Society Fundazioak sustatu du proiektu hau, eta lau milioi dolarreko aurrekontua du 3,3 milioi euro. Planetary Society Fundazioa 1980. urtean sortu zuen Carl Sagan astrofisikoak (AEB, 1934-1996). Egun, mundu osoko astronomoak biltzen ditu.
«Unibertsoa behatzeko modu berri bat probatu nahi genuen.Cosmos 1 ontziak ez du erregairik behar, eguzki energiaz dabileta. Teknologia honek izarren arteko bidaiak egiteko balio duela erakutsi nahi dugu», adierazi du Louis Friedman Cosmos 1 egitasmoko zuzendariak. Cosmos I ontziak ia 100 kilo inguru pisatzen du, eta gutxienez Lurretik 832 kilometroko distantziara iritsi beharko du. Orbitatik, argazkiak egingo dizkio Lur planetari. Ondoren, zortzi belak zabalduko ditu eta Lurraren inguruan biraka jarraituko du, harik eta belak zahartu eta hondatzen diren arte. Gutxienez, hiru hilabete iraun dezaketela uste dute proiektuaren sustatzaileek.
Espaziora, misil balistiko batean
Delta III motako misil balistiko baten barruan (Volna izenekoa) jaurti zuten atzo Cosmos I ontzia. Volna misilari kohete baten motorra jarri zioten sateliteak orbitatik kentzeko erabiltzen direnetakoa, bestela ez lukeelako espaziontzia Lurrarekiko orbitan jartzeko adina indar. Misila espaziorantz bultzatu ostean, motorra itzali egin behar zen, eta misiletik askatu. Ondo bidean, zamaketa konpartimendua ere galduko du gero Volna misilak, eta Lurreko atmosferatik kanpora bidaliko du Cosmos 1 ontzia.
Lurraren orbitan sartzeko motorra piztuko da. Gero, karkasa babesgarria askatuko da, eta Volnak orbitan biraka utziko du Cosmos 1 ontzia, 22 itzuli minutuko abiaduran. Egitura sinplea du ontziak: ardatz bat eta zortzi bela ditu. Bela horietako bakoitza kafe pakete baten tamainako kaxa txiki batean gordeta dago,eta ontzia Lurrarekiko orbitako punturik altuenera iristen denean zabalduko dira. Bateria batzuk ere baditu Cosmos I ontziak, eta horiek baliatuko ditu aurrera egiteko, harik eta belak zabaltzen diren arte.
Lurretik 840 kilometro ingurura iristean, Cosmos I ontziak eguzki panelak zabalduko ditu eta Eguzkiari begira jarriko da.Momentu horretan, Lurrarekiko 78,6 graduko inklinazioa izango du. Eguzki panelek hodi huts bana dute ertzetan, eta baita erretore txiki bana ere. Orbitan sartzean, hodi horiek nitrogeno gasa botako dute, belak zabaldu ahal izateko. Belei Lurretik aginduko diete nora eta nola biratu behar diren, errotore horien bidez. Orbitan dela, ontziak disdira handia izango du, eta Planetary Society erakundearen arabera, Lurretik ere ikusi ahalko da.
Mylar izeneko plastikozko material batez daude eginda zortzi belak. Haietako bakoitzak hamabost metro ditu luzeeran eta bost mikra lodieran. Bela horiek euren ardatzarekiko ere egin dezakete bira. Modu horretan saiheska jar daitezke, Eguzkiaren argia ekiditea komeni denean. Berez, baina, Eguzkiak presio konstantea egingo die. Ondorioz, 100 eguneko tartean 16.000 kilometro orduko abiadura har dezake ontziak, eta hiru urteko tartean, hamar aldiz abiadura handiagoa ere har dezake. Abiadura horretan, bost urteko tartean egin ahalko litzateke Lurretik Plutonerako bidea. Datu bat: New Horizons ontziak erregai kimikoa erabiltzen du bederatzi urte beharko ditu bide hori egiteko. Hilabete barru, belak hondatzen hasiko dira, baina, eguzki erradiazioaren ondorioz. Hala, litekeena da, astiro-astiro ontzia Lurrerantz jaustea eta birrintzea, atmosferan sartzerakoan.
ESPAZIOA. ASTRONAUTIKA
Espazioratu dute 'Cosmos 1', lehen eguzki belaontzia
Ia 100 kilo pisatzen du ontziak, eta eguzki haizeaz baliatuta Lurretik 832 kilometroko distantziara iritsiko den itxaropena du AEBetako Planetary Society Fundazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu