«Suhiltzaileak erretiratu ditugu ontzi horretan zer dagoen ziur jakin arte», esan zuen atzo arratsaldean Hertfordshire eskualdeko suhiltzaileen buruak, Roy Wilsherrek. Ontzi batean erregai lehergarria zegoela susmatu zuten suhiltzaileek. Suteak sorturiko ke beltzezko hodei erraldoia gaur Euskal Herrira helduko da, ipar-mendebaldeko haizeak bultzatuta, atzo MeteoFrance meteorologia agentziak zabaldu zuenez.Euskal Herrian goizeko zazpiak zirenean gertatu zen leherketa. Buncefieldekoa Erresuma Batuko bosgarren erregai biltegia da, eta gasolinaz zein kerosenoz hornitzen ditu Londresko aireportuak, besteak beste. 150 kilometrora ere entzun zuten leherketa, eta inguruko etxeetako zein dendetako leihoak eta ateak hautsi zituen. Denera, 20 biltegik egin zuten eztanda, bakoitzak 13,5 milioi litro erregai zituela. Poliziaren arabera, «miraria» izan zen inor ez hiltzea. Edonola ere, 43 pertsona zauritu ziren. Batek izan ezik, beste guztiek senda-agiria jasoa zuten atzo. Gutxienez 2.000 pertsona etxetik atera zituzten eta eskolak itxi zituzten. Leihoak ixteko eskatu zieten agintariek inguruko biztanleei.
«Istripua»
Erregai biltegiaren leherketa istripu baten ondorioa izan zela esan zuen atzo lehen ministroordeak, John Prescottek. Edonola ere, Gobernuak «goitik beherako ikerketa» hasi duela gaineratu zuen. Leherketa eraso baten ondorioa izan zitekeela zabaldu zen atzo, eta inguruko biztanle batzuek esan zuten leherketen aurretik hegazkin bat entzun zutela lurretik gertu hegan. Al Kaedako bigarren burutzat duten Aiman Al-Zauahirik petrolio lantegiei eraso egiteko eskatu zuen joan zen astean.
Ingalaterraren gainean zabalduriko ke hodeia toxikoa ez dela esan zuen atzo lehen ministrordeak: «Autobusen ihes hoditik ateratzen dena bezalakoa da». Edonola ere, inguruko herritarrei etxeko leihoak itxita izateko eskatu zieten. Elikagaien Agentziak esan zuenez, ez dago arriskurik keak uztei edo esnekiei eragiteko. «Osasun Saila Ingurumen Sailarekin, Elikagaien Agentziarekin eta Meteorologia Bulegoarekin ari da lanean, eta unez uneko informazioa emango dugu ke hodeiaren inguruan eta herritarren osasunean duen eraginaren gainean», esan zuen Prescottek. Ia 150 suhiltzaile aritu ziren atzo sutea itzaltzen. Ingalaterra osoko langileak eraman behar izan zituztelako suari aurre egiteko. Hamabi erregai ontzi itzaltzea lortu zuten atzo arratsalderako. Total konpainiak kudeatzen du Buncefieldeko erregai biltegia. Leherketa izan baino lehen isuriak izan zirela ukatu zuen atzo Totalek.
ivan vince -Erregaien segurtasunean aditua
«Lur azpiko ura kutsatzea da dagoen arriskurik larriena»
Edu Lartzanguren - DONOSTIA
Erregaien segurtasunaren inguruko aditua da Ivan Vince (Australia, 1948). Erresuma Batuko Kimika Errege Elkarteko kidea da, eta Londresen gertutik ari da jarraitzen erregai biltegiaren leherketak sorturiko suteak itzaltzeko ahaleginak.
Nolako arriskua dakar Buncefieldeko biltegiaren gainean sorturiko hodei toxikoak?
Kea oso gora joan da atmosferan, azpiko su beroak bultzatuta. Ke hori lurrera itzultzen denerako, oso diluituta egongo da. Jendeak arnastuko duena, beraz, desatsegina izango da, batez ere arnasbideetako gaitzak dituztenentzat, baina ez da benetan arriskutsua izango. Sua itzaltzeko zorian dagoenean, ordea, baliteke arriskua egotea han hurbil, suak ez duelako horren gora bultzatuko kea. Horrez gain, suhiltzaileek erabilitako urak erregaia eramango du eta arriskua dago inguruko errekak kutsatzeko.
Epe luzerako kutsadura eragingo du honek?
Arrisku handiena zera da: kutsadura lur azpira joatea eta lur azpiko ura pozoitzea. Erresuma Batuko Ingurumen Agentzia, halere, larrialdi zerbitzuekin bat aritu da hasieratik, eta arriskua kalkulatuta izango dute. Zertan ari diren jakitea espero dut, kutsadura ez eragiteko.
Halako erretegi biltegiak babesteko behar bezalako segurtasun neurriak hartzen direla uste al duzu?
Oro har, bai. Halako biltegien segurtasun historiala oso ona da, Erresuma Batuan zein Europan, oro har. Halako istripuak oso gutxitan gertatzen dira. Ez dut gogoratzen hemen halakorik gertatu izana. Harrigarria da istripu hau gertatu izana, eta harrigarri larriak dira ondorioak.
Londresko gobernuak istripuaren teoria bultzatzen du jendea lasaitu nahi duenean. Erasoa izan den susmorik al duzu?
Posible da, jakina. Nik ez dakit zer darabilen Gobernuak buruan. Edonola ere, ez du erasoa ematen, igande goizaldean jazo zelako. Jende asko hil nahi izanez gero, eraso egiteko unerik desegokiena litzateke hori.