ESAren egitasmoari jarraiki, abiada moteltzen hasi behar zuen atzo Smart-1 zundak, Ilargitik 50.000 kilometrora helduta. Bart piztu behar zuen berriz motor esperimentala, lau egunez, sateliterantz espiralak eginez hurbiltzeko. Maniobraren amaieran, Ilargiaren inguruko orbita egonkorrera helduko da zunda. Elipse formako orbita horretan, Ilargiaren azaletik 300 kilometrora hurbilduko da Smart-1.
Ioi bidezko propultsio motorra
13 hilabete behar izan ditu zundak Ilargira hurbiltzeko. Apolo egitasmoko astronauten espaziotziak lau egun bakarrik behar izan zituen. Edonola ere, Smart-1-ek eginikoa arrakasta itzeltzat jo zuten atzo ESAko buruek. Izan ere, motor berritzaile bat probatzea zen misioaren helburuetako bat: Ioien bidezko propultsioa. Smart-1-ek soilik 52 kilo erregai erabili ditu bidaian ohi baino bost aldiz gutxiago eta 10.000 kilometro orduko abiada hartu du. Eguzkiaren indarrak bultzaturiko motor elektrikoa erabili du espaziontziak. Zundaren sistema berriak ohiko espaziontzi kimikoek baino 10 aldiz bultzada handiagoa lortzen du erregai kiloko. Horretaz gain, denbora luzean lanean aritzeko ahalmena du. Horrek sekulako aukerak ematen ditu espazioan bidaia luzeak egiteko. Zunda berriak ez du Lurretik berez ateratzeko behar bezainbesteko indarrik; baina, behin espazioan, maniobrak egiteko oso erosoa da.
Xenon gasaren ioiak jaurtita lortzen du bultzada motorrak. Gasa ionizatzeko, eguzkiaren indarra erabiltzen du zundak. Indar hori biltzeko erabilitako eguzki xaflak dira gailuaren beste berrikuntzetako bat. Egun etxeetan erabiltzen diren eguzki xaflek baino ia hiru aldiz indar handiagoa lortzen dute Smart-1-enak.
Misio txiki handia
Smart (Ikerketa Teknologiko Aurreraturako Misio Txikia) egitasmoak sei hilabetez Ilargia ikertzen jardungo du, zundaren bidez. Lurraren satelitea nola sortu zen ikertuko du, besteak beste. Izan ere, ESAko zientzialarien arabera, Ilargia Lurraren «alaba» da: Duela 4.500 milioi urte sortu zen, Lurra osatzen ari zenean, Marteren tamaina zuen objektu batek planetaren kontra talka eginda. Leherketak espaziora bidaliriko hondakinak Lurraren inguruan mamitu ziren eta Ilargia sortu. Era berean, Lurraren hasierako egoera argitu nahi dute, Ilargiaren egungo osaera aztertuta.
Horretaz gain, ur izoztuaren bila jardungo du zundak, krater sakonetan. Satelitean base bat ezarrita beharrezkoa litzatekeen edateko ura eta oxigeno eta eraikuntzarako porlana lortzeko erabil liteke izotz hori.
-
ILARGIAREN IKERKUNTZA
Betiereko argiaren bila hilen argizagian
Ilargiaren Hego Poloaren inguruko eskualde bat ikertuko du Smart-1 zundak: Betiereko Argiaren Tontorra. Gune hori beti dago Eguzkiaren izpiak argiztatuta. Etorkizunean giza base bat ezartzeko gune egokia litzateke, eguzkiari esker hango tenperatura beti -20 gradukoa delako. Ilargiaren ekuatorean -127 gradutik 120 gradura arteko tenperatura izaten da.