HONDAKIN NUKLEARRAK

Frantziako kostaldera iritsi da, Estatu Batuetatik, konboi atomikoa

Ontziek 140 kilo plutonio daramate, eta zama hori errepidez garraituko dute orain Hagueraino

Erredakzioa
2004ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Hondakin nuklearrez betetako Erresuma Batuko bi itsasontzi Cherburgoko kaira (Frantzia) iristekoak ziren atzo gauean. Estatu Batuetako hegoaldetik irten ziren ontziok duela bi aste, barruan 140 kilo plutonio erradioaktiborekin. Zama hori kamioietan sartu, eta Frantziako hego- ekialdera eraman asmo dute gero, zentral nuklearrentzako erregai bihurtzeko. Edozein talde edo estatuk plutonioa arma atomikoak egiteko erabil dezaketela salatu dute ekologistek. Errepidez egingo den garraiorako segurtasun neurririk hartu ez izana leporatzen diete Frantziako agintariei.

Pacific Teal eta Pacific Pintail Erresuma Batuko zamaontziek 6.600 kilometro inguruko bidea bete zuten atzo, AEBetako hegoaldetik Frantziako Cherbourg hirira artekoa. Lehen aldia da Atlantikoan zehar plutonioa bezalako gai arriskutsuak garraitu direla. Ekologistek asteburuan, ontzia lehorreratu aurretik, hasi zituzten protestak, Cherburgon. Igandean, Atlantikoa Nuklearrik Gabeko Flotilla taldeko bi marinel atxilotu zituzten, Cherburgoko kaiko gune militarrera belaontzi batean sartzea lortu ondoren. Frantziako Armadako komando batek ekologisten ontziko belak urratu zituen labanez.Atxilotuetako bat Eugene Riguidel da, 1980. urtean munduari itzulia ematen dio Withbread belaontzi lasterketako irabazlea. Biak aske utzi zituzten atzo eguerdian.«Arma nuklearren ugaritzearen aurkako politikak ahotan darabilten Ameriketako Estatu Batuen eta Frantzia bezalako estatuen interesen mesedetan, munduan barrena gai atomikoak garraiatzearen aurka gaude. Plutonio honek ez zuen inoiz AEBetatik atera behar. Bertan tratatu behar zuten hondakin nuklear gisa», esan zuen atzo Flotillako Philippe Marechalek.

Alkate baten debekua

Noel Mamere Begles herriko alkateak konboia udalerritik igarotzea debekatu zuen atzo. Izan ere, konboia Caradacheko tratamendu lantegira eramateko lau ibilbide posibleetako batean agertzen da Begles.

Plutonio-garraioak hondakin nuklearren aferaren inguruko eztabaida berpiztu du azken asteotan. AEBetako Segurtasun Nuklear Nazionalaren Administrazioak esan du Frantziara eraman dutela plutonioa, Estatu Batuetan tratamendu plantarik ez dagoelako. Etorkizunean AEBetan lantegi bat eraikiko dutela gaineratu du. Ekologisten arabera, ordea, BNFL eta Areva konpainiek dozenaka tona plutonio dituzte gordeta, Sellafield (Erresuma Batua) eta La Hagueko (Frantzia) biltegietan, eta datozen urteetan Europa zein Japoniara eraman nahi dituzte.
---------------
Shaun Burnie -Plutonioaren aurkako protestaren koordinatzailea

«Euskal Herritik gertuko ibilbidea hartuko dute»




Shaun Burnie Greenpeace talde ekologistaren protesta koordinatzen ari da Cherburgon. Plutonioa garraiatzea arriskua dela nabarmendu du, eta konboiak Bordeletiko bidea hartuko duela gaineratu.

Zer nolako ekintzak prestatu dituzue plutonio garraioari aurre egiteko?

Mantxako Kanalean dugun ontziarekin izan gara lanean, plutonioa dakarten garraio ontzien inguruko informazioa jasotzen. Honez gain, Atlantikoa Nuklearrik Gabeko Flotillako marinelekin batera aritu gara. Lehorrean ere gatazka dugu, Areva Frantziako enpresa nuklear publikoak eta BNFL Erresuma Batuko Erregai Nuklearren Konpainiak salaketak jarri dituztelako gure aurka. Ez dute nahi guk Cherburgoko kaia eta Hagueko prozesatze lantegiaren arteko 20 kilometroko errepide zatian protestarik egitea.

Plutonio garraio honen segurtasuna auzitan jarri duzue. Zergatik ez da segurua?

Seugurtasun maila da Frantziako agintarien dilema. Normalean, ez dute segurtasun neurririk hartzen halako garraioetan. Kamioi arruntetan garraiatzen dute plutonioa, inongo babesik gabe. Arevak 10.000 kilo garraiatzen ditu urtean.

Zelako arriskua sortuko luke istripu edo eraso batek?

Plutonio oxido hautsa ordu gutxitan zabalduko litzateke eremu handi batean. Egun erdi batez Espainiako iparraldera eta Mediterraneo aldera helduko litzateke. Zuen kasuan, gainera, ibilbidearen kontua dago. Euskal Herritik gertuen igarotzen den ibilbidea Bordeletik barrenakoa da. Frantziako agintariek ibilbide hori aukeratuko dute, ziurrenera, garraioa Paris eta Lyondik urruntzeko, nahiz eta Noel Mamerek kamioia Begles herritik igarotzea debekatu dien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.