KUTSADURA

Hiru gizaldi «pozoituta» Europan

EBko herritarrei eginiko analisietan gaitz larriak eragiten dituzten gai ugari aurkitu ditu Naturarentzako Mundu Fondoak

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
Europa harritu etalarritu zuen 2003. urtean WWF taldeak, Europako Legebiltzarreko kideen odola aztertu zuenean gai toxikoen bila. Orain, EBeko familien odola aztertu dute. Hamabi herrialdetako hamahiru familiatako amonen, amen eta alaben odola gizakiak eginiko gai kimiko toxikoekin pozoiturik dagoela ondorioztatu dute. Eztabaida sortzeko asmoz plazaratu dute datua; izan ere, lehia bizia dago Europako Legebiltzarrean osasunaren eta ingurumenaren aldeko taldeen eta industria kimikoaren artean, azaroaren 15ean eztabaidatuko baita gai toxikoen inguruko Europako lege berria.

Udaberrian hartu zituen odol laginak Naturarentzako Mundu Fondoak (WWF). Alemaniako, Belgikako, Danimarkako, Finlandiako, Frantziako, Greziako, Hungariako, Italiako, Letoniako, Luxenburgoko, Poloniako eta Suediako familia bana aukeratu zituzten (Belgikako bi). 107 gai toxikoren bila ibili ziren laborategian. Naturak kostata desegiten dituen gaiak dira, edo gorputzean pilatzen direnak edo sistema endokrinoa kaltetzen dutenak. Legebiltzarreko kideen odolean aurkituriko gaiak dira, azken finean, baina erakundeak beste ikusmolde bat eman dio ikerketari kasu honetan: gai kimikook belaunaldietan nola banatzen diren ikusi nahi izan dute.

Ondorioetako batzuk aurreikusteko modukoak dira. Amonen odolean aurkitu dituzte, esaterako, DDT kontzentraziorik altuenak. Pestizida hori 1970eko hamarkadaren erdialdean debekatu zuten, organismoetan pilatzen zelako. Edonola ere, 12 urteko haurren artean ere aurkitu dituzte DDT aztarnak.

Alabak, amak baino okerrago

Amek amonek baino gai toxiko gutxiago dituztela aurkitu dute aztertzaileek. Litekeena da aldea debekuen ondorio izatea. Amonetan 63 gai topatu zituzten, ametan 49. Belaunaldi gazteenean, ordea, ametan baino gai toxiko gehiago aurkitu dituzte (59).

Kimikagai «berriei» leporatu diete aldea erakundeko zientzialariek. Izan ere, DDT bezain kaltegarriak izan arren, legezkoak dira egungo kontsumo gai askotan agertzen diren pozoiak. Gazteek suaren kontrako gaiak, zartaginetan jana ez itsasteko erabiltzen diren FFCak eta lurrin artifizial gehiago zituzten. Pozoi hauek alfonbretan, jantzietan, ordenagailuetan eta biberoietan agertzen dira, besteak beste. «Azterturiko sendietako kide bakoitza gutxienez 18 gai kimikoren koktel batekin dago kutsatuta», esan du Karl Wagner WWFren DetoX kanpainaren zuzendariak. «Pozoi gehienak kontsumo gai arruntetik datoz. Zenbat froga gehiago beharko dituzte enpresaburuek eta agintariek onartzeko gai hauek era egokian kontrolatzea ezinezkoa dela?», galdetu zuen.Europako industria kimikoen interesak defendatzen dituen CEFIC taldeak azterketaren egileak gaitzetsi ditu: «WWFk ez du esaten aurkituriko gaiak kontzentrazio izugarri txikietan aurkitu dituztela, eta ez dutela osasuna arriskuan zertan jarri behar». Gaineratu dutenez,WWFren txostenak «justifikaziorik ez duen presioa» egiten die Europako herritarrei.Suaren kontrako gaiak ekoizten dituztenen nazioarteko erakundeak (BSEF) txostenaren «erretorika beldurgarria» gaitzetsi du.Europako Sendagileen Komite Iraunkorrak (CPME) nabarmendu duenez, «zientifikoki frogatuta» dago gai kimikoen eta hainbat gaixotasunen arteko lotura. 1950. urteaz geroztik minbizi kasuak asko ugaritu direla nabarmendu du erakundeak.

Lege berriaren gerra

Gaur bertan bilduko da Europako Lehiakortasun Batzordea gaitoxikoen inguruko lege berria eztabaidatzeko. Datorren astean Ingurumen Batzordean eztabaidatuko dute legea. Azaroaren 15ean, azkenean, Europako Legebiltzarrak bozkatuko du REACH (Gai Kimikoak Erregistratzeko, Ebaluatzeko eta Baimentzeko legea).

Eztabaida pil-pilean dago, beraz. «Belaunaldi batean behin gertatzen den aukera» gisa deskribatu dute legea osasun eta ingurumen taldeek. Industriaren presioen bidez, legea ahultzen saiatzen ari direla salatu dute.REACH legeak industriari ematen dio gai berri bat arriskutsua ez dela frogatzeko erantzukizuna. Horrez gain, ordezkapenaren printzipioa ezartzen du: aukerarik dagoenean, susmagarria den gai oro derrigorrez ordezkatu behar da. Industriak eta Europako Alderdi Popularra taldeak emendakinak ari dira jartzen, legearen hainbat atal ahultzeko. «1,3 milioi lanpostu arriskuan daude», esan du Ria Oomen-Ruitjen popularren eledunak.

Kutsadura urritzeko neurriak



 

egongelan





Saihestu: Lehorrean garbitzeko produktuak. Moketa berria jartzea haurdun bazaude. Alfonbra sintetikoak. Etxerako lurrinak.

Erabili: Kotoizko, artilezko edo beste gai naturalez eginiko alfonbrak. Tratamendu kimiko gutxi duten jantziak, eta garbigailuan ikuzi daitezkeenak.

komunean





Saihestu: Lurrin sintetikoak dituzten kosmetikoak edo garbigarriak. Ilea tindatzeko produktuak.

Erabili: Lurrinik gabeko produktuak. Ilerako eta garbitzeko gai naturalak. Klororik gabeko komuneko papera.

sukaldean





Saihestu: Ontzietan datozen jakiak. Usain handiko garbigarriak. Plastiko ezegokiak mikrouhinetan.

Erabili: Janari biologikoak, ura iragazteko gailuak.

baratzean





Saihestu: Kreosotarekin trataturiko egurrak (trenbideetako habeak esaterako). Pestizida artifizialak.

Erabili: Urarekin disolbatzen diren bernizak eta margo naturalak.

haurtzaindegian





Saihestu: Polikarbonatoz eginiko biberoiak (7 zenbakiadute).

Erabili: Marka fidagarri bateko jostailuak. Bularra eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.