Juan Carlos Rodriguez Espainiako Ingurumenerako Zientzietarako Zentroko eta Ikerketa Zientifikoetarako Goi Kontseiluko kidea izateaz gain, ekologian eta bio-geokimikan aditua ere bada. Rodriguezen esanetan, aldaketa klimatikoa azkarragotu egin da gizakiak ekoiztutako berotegi gasen ondorioz.
Zerk eragin du azken asteotako beroa?
Uztaila eta abuztua bitartean eduki dugun beroa ezin da kutsadurarekin edo aldaketa klimatikoarekin lotu. Klima denbora tarte luzean leku batean izan den eguraldia da. Hala ere, egia da aldaketa klimatikoa martxan dagoela. Ondorioz, datozen urteotan aurtengoa bezalako bero boladak ezagutuko ditugu, seguraski oraingo hau baina beroago eta luzeagoak. Horrek ez du esan nahi, baina, datorren urteko uda euritsua edo hotzagoa izango ez denik
Beraz, datorren urteko udak ez da zertan aurtengoa bezalakoa izango?
Ez, noski. Klima aldatzen ari dela argi dago, baina gutxinaka ari da aldatzen. Iraganean horrelako beroaldiak 30 edo 40 urtetik behin izaten ziren, etorkizunean, ordea, hiru urtetik behin ager daitezke.
Zergatik aldatzen da klima?
Azken urteotako aldaketa berezia da. Tenperaturak eta eguraldia bera ere oso azkar ari dira aldatzen. Baina, garrantzitsuena hauxe da: historian lehen aldiz gizakia dela aldaketa horren erantzulea. Berotegi-gasak dira aldaketa klimatikoaren arrazoi nagusia eta gas horietatik garrantzitsuena karbono dioxidoa litzateke. Gas horiek guk sortzen ditugu energia kontsumitzerakoan. Ikatza, gasa eta petrolioa erretzerakoan, alegia.
Zer egin genezake prozesu hori geldiarazteko?
Beno, orain arte ekoiztutako berotegi-gasekin jadanik asko azkartu dugu klima aldaketa. Baina jarrera aldatzen ez badugu, tenperaturek ere gora egiten jarraituko dute. Beraz, irtenbide bakarra berotegi-gas gutxiago ekoiztea litzateke. Nola egin hori? Badaude energia alternatiboak, hau da, kutsadura gutxitzeko aukera eskaintzen duten beste bide batzuk. Horrez gain, egun erabiltzen duguna baino energia gutxiago erabiliz ere aurrerapauso bat emango genuke. Azken finean, askotan, behar dugun energia kopurua baino gehiago erabiltzen dugu.
Itsasoan ere nabari da tenperaturek gora egin dutela.
Bai. Aldaketa klimatikoaz ari garenean, planeta osoaz ari gara. Itsasoan ere gora egin du tenperaturak eta horrek eragina izan du arrantzan, adibidez. Egia da, leku batzuetan besteetan baino gehiago nabaritzen direla aldaketak, baina, horrek ez du esan nahi toki batzuetan bakarrik duenik eragina.
Zenbait ikerketaren arabera, ipar eta hego poloetan nabari da gehien aldaketa klimatikoa.
Hala da, bai. Zenbat eta altuago egon herrialde bat, orduan eta gehiago nabaritzen da aldaketa. Artikoko eta Antartikoko inguruetan dauden glaziareetan ikus daiteke aldaketa honen eragina.
Zientzialarien esanetan, Finlandian aurten Frantzian izan diren tenperaturak ezagutuko dituzte. Zenbat urte barru gertatuko da hori?
Hori jakitea ia ezinezkoa da. Hala ere, azken datuen arabera, mundu osoko tenperaturak bi eta sei gradu artean egingo du gora datozen 100 urteotan. Ondorioz, iparraldean dauden herrialdeetako etorkizuneko eguraldia hegoalderago daudenek egun daukatenaren berdina izango da. Datu horiek, baina, ekoizten ditugun berotegi-gasen arabera aldatu egingo dira.
Zein unetan hasi zen bizkortzen aldaketa klimatikoa?
Lurrean izan diren orain arteko aldaketa klimatikoak arrazoi naturalengatik gertatu dira. Egungoa, ordea, gizakiak eragindakoa da. Oso zaila da zehaztea noiz hasi zen gizakiaren eragina nabaritzen. Joan den mendean klima hiru gradu inguru berotu zen. Horrela esanez gero, ezdirudi aldaketa handia denik, baina aurreko mila urteekin alderatuz gero, kontuan hartzeko moduko aldaketa da. 1960ko hamarkadatik aurrera askoz ere gehiago nabaritu da gorakada. Beraz, esan daiteke, azken 40 urteotan inoiz baino gehiago nabaritu dela aldaketa klimatikoa.
Hori guztia animalia eta landaretzan ere nabarituko da.
Halaxe da. Horrelako prozesu baten eragina noraino iritsiko den jakitea oso zaila da, izaki bakoitzak desberdin erreakzionatzen baitu. Animaliak klima hotzagoa dagoen lekuetara joaten dira. Ihesaldi hori, ordea, arazo bihurtzen da. Askotan beste leku batzuetara joan ahal izateko hiriak zeharkatu behar dituzte eta hori arriskutsua izan daiteke eurentzat. Izurriak ere zabaldu egin dira. Normalean, hotzak izurriekin amaitzen du, baina, aurten luzatu egin da haien eragina.
Uholdeak ere aldaketa klimatikoaren ondorio izan dira?.
Bai. Gezurra dirudien arren, klima berotzen den heinean, euri gehiago egiten du eta era berean, lehorteak ere larriagoak dira. Zergatik? Beroak ez diolako lurrari ura xurgatzen uzten eta likidoa berehala lurruntzen delako. Arrazoi beragatik izaten dira uholde gehiago.
«Historian lehen aldiz gizakia da aldaketaren erantzule nagusia»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu