Herrialde horretako agintariek Kanadako kasua ekarri zuten gogora. Bertan, OMEko kideek apiril amaieran gaitza kontrolpean zegoela jakinarazi zuten, baina joan den hilean beste kasu batzuk agertu ziren. Herenegun, beste bi lagun hil ziren Toronton: 55 urteko emakume bat eta 81 urteko gizonezkoa. 28 lagun daude oraindik pneumoniak kutsatuta, eta horietako 14 oso larri, gainera. Hala ere, iturri ofizialen arabera, gero eta kasu gutxiago agertzen dira.
Pneumonia atipikoaren lehen kasua joan den urtean agertu zen Txina hegoaldean, eta handik inguruko herrialdeetara zabaltzen hasi zen. Sintomak gripearen oso antzekoak dira: sukarra, arnasa hartzeko zailtasuna eta eztula besteak beste. Lehen kasua agertu zenetik 800 lagun inguru hil dira, eta, gutxienez, beste 8.500 daude oraindik gaixo.
Egunero 60 gaixo gehiago
Apirilean Hong Kongen pneumoniaren lehen kasua agertu zenetik, egunero gutxienez 60 gaixo gehiago agertu izan dira. Ondorioz, agintariek eskolak ixteko agindua eman zuten martxoan. Oraindik 28 lagun daude kutsatuta, eta horietatik 14 oso egoera larrian. Hala ere, orain arte, 1.410 pertsona inguruk gaitza gainditzea lortu dute.
Heymannen arabera, Hong Kongen beste lekuetan baino zailagoa izan da gaitza kontrolpean mantentzea. Kowloon probintzian soilik 300 lagun kutsatu dira, eta, gutxienez 42 hil.
OMEren zerrenda beltzean daude oraindik Toronto, Taiwan eta Pekin. Hiri horietan pneumonia kasuak gutxitu badira ere, arriskua ez da oraindik erabat desagertu.
Adituen arabera, kutsatu eta hamar eguneko epean agertu ohi da gaitza. Horregatik, OMEren zerrendan agertzen diren herrialde horietako batean egonez gero, 14 eguneko berrogeialdia egitea gomendatzen dute. Denbora hori igaro ostean, pneumoniarena izan daitekeen edozein sintoma nabarituz gero, ahalik eta azkarren medikuarenera jotzea da egokiena. Hala ere, orain arteko datuen arabera, gaixo dauden 100 pertsonatatik 4 hiltzen dira.
Oraingoz, pneumonia atipikoa sendatuko duen tratamendurik ez dagoen arren, badaude gaitzaren sintomak gutxiagotzen dituzten botikak. Hala, gaitza garaiz atzematen bada, etatratamendu horiek jarraituta, sendatzeko aukera handiagoa da.
Pneumonia atipikoaren jatorria oraindik ezezaguna bada ere, zenbait ikertzaile eta adituren arabera, katarroa eragiten duen birusaren antzekoa izan daiteke pneumonia sortzen duena. OMEren ustetan, birusa mutatu egin da, eta gizakiaren gorputzean sartzen denean indartu egiten da.
Birusa batetik bestera kutsatutako pertsonek eraman dute. Kanadara, adibidez, Hong Kongeko hotel batean egon zen emakume batek eraman zuen, ustez. Hark berarekin bizi zirenak kutsatu zituen, eta haiek ospitalera joan zirenean, bertako langileak kutsatu zituzten.
Gobernuak, gaitza zabal ez zedin, jendez betetako lekuetan tabernak, zineak... ahalik eta denbora gutxien egoteko eskatu zieten herritarrei.
z
Kronologia
Pneumonia atipikoaren lehen kasua agertu zenetik hauek izan dira datarik garrantzitsuenak
2002ko azaroaren 16a: SARS edo pneumonia atipikoaagertu zen Txina hegoaldean, Kanton probintzian. Hong Kongeko ospitalean zegoen estatubatuar bat hil zen pneumoniak jota. Ikerketak egin ostean, gaixoa Txina eta Vietnamen egona zela jakin ahal izan zuten. Otsailaren 11n, Txinako Osasun Ministerioak Kantoiko probintzian bost lagun hil, eta beste 300 gaixo zeudela jakinarazi zuen.
2003ko martxoaren 15a: Osasunerako Mundu Erakundeak beste zenbait lurraldetan ere pneumonia kasuak agertu zirela jakinarazi zuen, eta Asia hegoaldera bidaiatzea arriskutsua izan zitekeela ohartarazi zuen. Europan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan ere pneumoniarenak izan zitezkeen zenbait kasu agertu ziren.
2003ko martxoaren 29a: Carlo Urbani pneumonia atipikoa aurkitu zuen medikua hil zen, gaitzaren ondorioz. Adituek Hong Kong eta Kantonera egin beharreko bidaiak atzeratzeko gomendatu zuten. Bi aste geroago, gauza bera gomendatu zieten Torontora bidaiatzeko asmoa zutenei. Apirilaren amaieran, Pekingo eskolak itxi egin zituzten, bi astez, epidemia geldiarazteko asmoz.
2003ko apirilaren 27a: Pekingo antzoki, zine eta tabernak ixteko agindua eman zuten, gaitza gehiago zabaldu ez zedin.
2003ko apirilaren 28a: Apirilaren 28an, OME Osasunerako Mundu Erakundeak Vietnamen gaitza kontrolatua zegoela jakinarazi zuen. Garai bertsuan Kanada ere arriskuz kanpo zegoela jakinarazi zuten, baina hilabete geroago beste kasu batzuk agertu ziren.