ASTRONOMIA

Ilargiak askoz handiagoa emango du gaur, ilusio optiko bat dela eta

Erredakzioa
2005eko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ostertzean, azken 18 urteetako punturik baxuenean izango da gaur Ilargia, eta «erraldoia» emango du, efektu optiko misteriotsu bat dela eta. Udan gertatzen da efektua, baina zientzialariek ez diote azalpenik aurkitu oraindik. Ilargi betea gertatzen da satelitea eta Eguzkia ortzian parez pare daudenean. Udan Eguzkia oso altu dagoenez, Ilargia oso baxu egoten da ostertzean. Aurten, gainera, 1987tik punturik baxuenean egongo da Ilargia. Hori dela-eta, «Ilargiaren ilusioa» deituriko efektua bereziki indartsua izango dela dio NASAk. Ilargi erraldoiaren fenomenoa ezin da argazkietan jaso, burmuinean gertaturiko efektua baita. Ilargiaren izpiak begietan elkartzen dira eta irudi bat sortzen dute, begiaren hondoan. Ilargia goian edo behean egon, begian sortzen den irudiak tamaina bera du. Burmuinak egiten duen interpretazioak eragiten du Ilargi baxua askoz handiagoa ematea.

Batzuen arabera, fenomenoa Mario Ponzo zientzialariak 1913. urtean aurkitu zuen ilusioaren aldaera bat da. Ponzoren ilusioan, tamaina bereko bi lerroetatik batek askoz luzeagoa ematen du trenbide itxurako bi marren artean ikusita. Argudiatzen dutenez, ostertzeko mendiek, zuhaitzek eta etxeek ematen diote itxura handiagoa Ilargiari. Eszeptikoek erantzuten dutenez, hegazkinetako pilotuek ere Ilargiaren ilusioa ikusten dute, ostertzean halako objekturik izan ez arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.