Ameriketako Batasun Geofisikoa elkartearen bileran aurkeztu ditu ondorioak Coloradoko Unibertsitateko (Ameriketako Estatu Batuak) paleomagnetista Joseph Stonerrek. Paleomagnetistek Lurraren eremu magnetikoaren historia ikertzen dute. Zientzialarihorren arabera, 400 urtez aski egonkor egon ondoren, 1.100 kilometro mugitu da azken ehun urteotan poloa. «Oszilazio normal bat izan daiteke hau, eta baliteke berriz Kanadara itzultzea», esan zuen Stoner irakasleak.Ternuara balea eta bakailaoaren bila joaten ziren marinelek ongi ikasi zuten iparrorratzaz mesfidatzen. Lurrak bi polo mota ditu: geografikoa eta magnetikoa. Polo geografikoak, hego eta ipar, Lurraren errotazio ardatza azaleratzen den bi puntuetan daude, teorian (errealitatean, desbideratze txiki bat dago). Ipar Polo geografikoa iparraldeen dagoen puntua da, eta handik abiatuta beti joango gara hegoalderantz. Ozeano Artikoan dago, eta gehienetan izotzez estalita. Kanadak beretzat aldarrikatzen du, baina beste estatu askok diote nazioarteko uretan dagoela.Ipar Polo magnetikoa gai korapilatsuagoa da. Mundu osoko iparrorratzetako geziek hara seinalatzen dute. Bertaratuz gero, orratza Lurrerantz okertzen da, erabat bertikal (90 gradu) jarri arte. James Clark Ross esploratzaile ingelesak aurkitu zuen lehen aldiz Ipar Polo magnetikoa, 1831. urtean. Lau urte iraun zuen Rossen esplorazio bidaiak. Kanadako Boothia penintsulatik gertu aurkitu zuen poloa.Hurrengo saioa 1904. urtean egin zuen Roald Amundsen esploratzaile norvegiarrak. Poloa bilatzea lan latza izan zen: Eguzkian sorturiko ekaitz magnetikoek dantzan jarri zuten poloa Boothia penintsularen inguruan. Azkenean finkatu zenean, zera ikusi zuen Amundsenek: Rossek 73 urte lehenago markaturiko lekutik 50 kilometrora mugiturik zegoen poloa.
Lurra dinamo erraldoi bat da
Eremu magnetikoak Lurra izpi kosmikoetatik babesten du, eta, ziurrenera, ez zen bizidunik egongo hura gabe, ez behintzat lur gainean. Planeta askok ez dute halakorik. Martek, esaterako, aspaldi galdu zuen. Zergatik du Lurrak eremu magnetikoa?
Lurraren muinean burdinazko eta nikelezko2.400 kilometroko diametroko bola solidoa dago. Muin hori oso beroa dago (6.000 gradu), baina metalak ez dira urtzen sekulako presioa jasaten dutelako. Muin horren inguruan, burdina likidozko geruza bat dago, kanpoko muina, 7.000 kilometrokoa. Lurraren errotazioak zirimolak eragiten ditu kanpoko muineko burdina urtuan. Bizikletaren dinamoak mugimenduaren bitartez elektrizitatea sortzen duen bezala, Lurraren muinaren mugimenduek eremu magnetikoa sortzen dute. Mugimendu hori kaotikoa da, eta anabasa horren isla dira lurrazalean eremu elektromagnetikoan eta Ipar Poloan hautematen diren aldaketak.«Aldaketa asko gertatzen dira poloen mugimenduetan», dio Stoner paleomagnetistak, «baina ez da sarri gertatzen den gauza. Ematen duenez, aldaketa geomagnetikoak uste baino askoz bat-batekoagoak izan daitezke».
Iparra hegoa da
Oso bat-batekoak izateaz gain, muturrekoak izan daitezke Lurraren eremu geomagnetikoaren aldaketak. Izan ere, batzuetan polo magnetikoek lekua aldatzen dute, eta hegoa ipar bihurtzen da. Azken bost milioi urteotan 25 aldiz aldatu da polaritatea. Azken aldaketa duela 720.000 urte gertatu zen. Ipar hemisferioan beherantz egiten du eremu magnetikoak eta hego hemisferioan gorantz. Horrek esan nahi du Artikoan dagoena «Hego Poloa» dela berez. «Ipar Polo» esaten zaio ohituragatik eta iparraldean dagoelako.
Azken urteotan asko eztabaidatu da poloen hurrengo alderanzketa gertatzear ote dagoen. Paleomagnetisten arabera, Lurraren eremua ahuldu egiten da halako aldaketa gertatu aurretik, eta gero berriz sortzen da polaritatea aldatuta. Halako alderanzketa prozesuek milaka urte behar izaten dituztela uste dute zientzialari batzuek, baina, beste batzuen arabera, askoz azkarrago gerta daitezke. Lehenago eginiko ikerketek erakutsi dute Lurraren eremu magnetikoa %10 ahuldu dela azken 150 urteotan. Aldatuz gero, munduko iparorratz guztiek hegoaldea erakutsiko lukete. Ipar Poloak Kanada ingurutik Siberiarako mugimendua azkartu izanak ez du esan nahi alderanzketa gertatuko dela, Stonerren arabera. Alaskako aurora borealak aurki desagertzea eta Europako fenomeno bihurtzea litekeena dela esan du. Bitartean, marinelentzako ohar bat: kontuz iparorratzarekin. Eguneratu mapak eta deklinazioak. Orratzari jarraituta ez zarete iparraldera joango, iparralderantz soilik.
Ipar polo magnetikoa
1090: Iparrorratzaren inguruko lehen agiria, Txinakoa. Europan ehun urte geroago agertu ziren lehen agiriak. Historialariek ez dakite europarrek asmakizuna txinatarrei hartu ote zieten.
1269: Petrus Peregrini italiarrak magnetismoaren eta polo magnetikoen inguruko teoria idatzi zuen.
1492: Desbideratze magnetikoa Kristobal Kolonek Ameriketarako lehen bidaian aurkitu zuela uste dute askok, baina fenomenoa lehenagotik ere ezagutzen zuten marinelek.
1600: Lurra iman erraldoi bat dela iradoki zuen William Gilbert sendagile ingelesak, eta poloak Artikoan eta Antartikoan egon behar zutela gaineratu zuen. Desbideraketa urtez urte aldatzen dela eta mapak eguneratu behar direla ikusi zuten marinelek.
1831: James Clark Ross esploratzaile ingelesak aurkitu zuen lehen aldiz Ipar Polo magnetikoa.
1838: Gauss matematikari alemaniarrak eremu elektromagnetikoaren deskripzio matematikoa egin zuen, egun erabiltzen dena. Eremuaren gorabeherak jaso zituen ereduan.
1904: Roald Amundsen esploratzaile norvegiarrak aurkitu zuen berriz poloa, Rossek markaturiko lekutik 50 kilometrora. 1948: Poloa zehaztu zuten hirugarrenez. Urtero 11 kilometro mugitzen dela ikusi zuten.
2006: Joseph Stoner paleomagnetistaren arabera,1.100 kilometro mugitu da azken ehun urteotan, eta azkartzen ari da, Siberiarako bidean.