Kaukasoko bonba ekologikoa

Edu Lartzanguren.
DONOSTIA
2004ko urriaren 31
00:00
Entzun
Ingurumenaren gainbeherak Kaukasoren hegoaldeko hiru herrialdetan dauden ika-mikak leherrarazi ditzakeela ondorioztatu du nazioarteko aditu talde batek. Nazio Batuen Erakundearen eta ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak bultzaturiko ikerketaren arabera, eskualdeko estatuen arteko lankidetza ezinbestekoa izango da Sobiet Batasunaren garaitik jasotako lurraren eta uraren kutsadurari, nekazal guneen gainbeherari zein hirietako populazio hazkunde handiei aurre egiteko. Elkarri lagundu edo hondamendiari aurre egin, hona Armenia, Azerbaijan eta Georgiari egin dieten ohartarazpena.

Arriskua Lankidetza bihurtzea.Hego Kaukasoren kasua da txostenaren izenburua. Ingurumenaren kontrako erasoak eta gizarte gatazkak lotzen dituen hiru hari aurkitu dituzte adituek: batetik, ingurumenaren gainbehera eta natur baliabideak eskuratu ezina gatazkek jotako guneetan. Bigarrenik, mugak gainditzen dituzten ingurumen arazoen kudeaketa (ur baliabideak, hondamendi naturalak, eta iraganetik jasotako kutsadura industrial zein militarra).Eta, azkenik, populazioaren hazkundea eta garapen azkarra hiriburu zein beste hiri handietan.

Zentral nuklearrak, basoak, urtegiak

Hiru herrialdeotako mende askotako harremana eta oreka eraldaketa sakona pairatzen ari dira, Sobiet Batasuna desegin zenetik. Hainbat kasutan gatazkatsua ari da izaten trantsizioa: Georgiatik bereiztu edo bereiztear dira Hego Osetia, Abkhazia eta Adjaria errepublikak. Azerbaijanek eta Armeniak elkarrekiko muga arazoa dute gehiengo armeniarra duen Karabakh Garaia eskualdean. Oreka hauskorra da beti erabat lehergarria den eskualde honetan. Horren lekuko da Ipar Kaukasoko egoera, bereziki Txetxeniako kasua.

Nazioarteko adituen arabera, gatazkek arrazoi ugari izan arren, baliabide naturalen gainbehera eta populazio hazkundea izan daitezke sua piztu dezaketen pospoloak.Uraren gerra izan daiteke eskenatokietako bat: Kura-Araks/Araz ibai sistemak hiru herrialdeak hornitzen ditu. Azerbaijanen populazioaren erdia baino gehiagoren ur hornidura sistema horren menpe dago. Lurrak ureztatzeko errepublika hauek zuten sistema komuna bertan behera utzita dago, eta hainbat urtegi erortzeko zorian dira. Adituen arabera, ezinbestekoa da baliabideon mugaz gaindiko kontrola.Hondamendi naturalek piztu dezakete gatazka: uholdeek eta luiziek populazio mugimenduak eragin ditzakete, basoen soiltzeak asko handituko baitufenomeno horiek eragindako kaltea. Lurrikarek kalte egin diezaiekete zaharkituriko lantegiei, bazter utzitako arma biltegiei edo petroliobideei, eta kutsadura arazo larriak sor daitezke.Armeniaren ahuldade nagusia energia iturririk ez izatetik dator. Horrek ezinegona sortu du barnean zein kanpoan: Sevan aintziraren ur mailak 18 metro egin zuen behera 1960tik 1970. urtera bitartean, argindarra sortzeko eta ureztatze egitasmoak direla eta. Erevan hiriburutik 28 kilometrora Medzamor zentral nuklear arriskutsua dago.

Azerbaijango arazo nagusiek urarekin dute zerikusia, bereziki Karabakh Garaia eta inguruko eskualde gatazkatsuetan. Krisiak behartuta, nekazari askok drogak ekoizteko landareak hazteari ekin diote, zenbaiten arabera. Baku hiriburuak eta inguruko eskualdeak herrialdeko populazioaren herena baino gehiago hartzen dute eta kontrolik gabe hazten ari dira, gainera.

Georgian 300 gune militar inguru zituen Sobiet Batasuneko Armadak. Egun, horietako asko erabat utzita daude nahiz eta bertan gai erradioaktiboak egon. Arazoa are larriagoa da Tbilisiko gobernuaren eta independentzia nahi duten errepubliken arteko gerra lehertzear dagoelako.Panorama apokaliptikoaz landa, alde positiboa ere ikusi nahi izan dute NBEren Garapen eta Ingurumen Egitasmoek eta ESKEk bultzaturiko txostenaren egileek. Honakoa da Azerbaijan Georgia eta Armeniako agintariei helarazi nahi izan dieten mezua: «Zuen mugak eta ahalmenak gainditzen dituzten arazo hauei aurre egiteko elkarrekin ekitera behartuta zaudete». Hipotesirik onena gauzatuz gero, konponbideak bilatzeko prozesuak gainerako arazo etniko eta politikoak gainditzeko katalizatzaile lana egin dezake, adituon arabera. Hau da, Kaukasoko bonba ekologikoa batasun mekanismo bihurtzea.

------------------

Kezkatzeko gaiak





Natura eta gatazka: Baliabideak eskuratzeko ezintasuna eta ingurumenaren gainbehera gune gatazkatsuetan.

Mugaz gaindiko arazoak: Ur baliabideak, hondamendi naturalak eta ondare industrial eta militar kutsagarriak.

Populazioaren gorabeherak: Hirien hazkunde azkarra eta kontrolez kanpokoa.

jason Switzer-kaukasoren inguruko txostenaren egilea

«Gero eta gatazka gehiago eragingo ditu ingurumenak»



Jason Switzerrek natur baliabideak ingurumena eta gatazken inguruko ikerketa egitasmoak kudeatzen ditu, Garapen Iraunkorrerako Nazioarteko Institutuko Suitzako egoitzan. NBEren txostenaren egileetako bat da.

Zergatik da bereziki kezkagarria Hego Kaukasoren egoera?

Eskualdea barne konbultsioa pairatzen ari delako Sobiet Batasuna hautsi zenetik. Horrisobiet garaitik datozen ingurumen kalteak gehitu behar dizkiogu: industria kontzentrazio handia, teknologia garbietan eta ingurumenaren babesean inbertsiorik egin ez izana... Asko egin beharko litzateke defizit hori estaltzeko. Arazoak bi aurpegi ditu: alde batetik, gatazka politikoek eta etnikoek astinduriko eskualdea da haueragin handia du iparraldeko egoerak, Txetxenia, alegia eta, bestalde, autodeterminazioak eta nazio eraikuntzak ahalmen handiak ekarri dizkiete herrialdeoi, Kaspio Itsasoko petrolioaz baliatzeko edo petroliobideak beren eremuetatik igarotzearen aukera, esaterako.

Arazo orokorra laburbiltzen duen adibide bat ematerik baduzu?

Hor dago Armeniako Medzamorko zentral nuklearra. Kezka handia eragiten du nazioartean. Txernobilgo erreaktorearen motakoa da eta lurrikarak pairatzeko arrisku handia duen eremu batean dago. Zalantzan dago Armeniak berak bakarrik ahalmena ote duen zentrala kudeatzeko, baina bistan da han sorturiko indarra ezinbestekoa duela. Arriskuak eskualde osoari eragiten dio. Eskualdeko herrialdeek elkarrekin egin beharko dute lan arazook konpontzeko, istiluak gaindituta, eta nazioarteak laguntza eta alternatibak eman beharko ditu.

Ingurumenak etorkizuneko gatazketan gero eta eragin handiagoa izango duela uste duzu?

Mundu osoan, ingurumenarekin lotura estua duten hainbat gatazka aurkituko dituzu gaur: Afrika mendebaldeko gatazka asko, esaterako, baliabideen inguruan antolatu dira: egurra, diamanteak... Bistan da populazio hazkunde handia baliabide urritasunari lotzen zaionean Estatuak ahuldu eta gatazkak areagotzen direla. Adibide ugari dago. Egun munduan diren 10 gatazketatik batean eragina du ingurumenak. Ikusten da baliabideak urritu ahala, ingurumenak gero eta garrantzi handiagoa izango duela etorkizunean. Hor dago Afganistan. Berreraikuntzarako arazo nagusietako bat da herrialdearen zorua nekazaritzarako agortuta dagoela.

Hego Kaukasoren egoeraren inguruan egin duzuen txostena etorkizuneko gatazken mapa gisa erabil daitekeela uste duzu?

Lagunduko du etorkizuneko gatazkak eragingo dituzten faktoreak identifikatzen. Uraren gaineko kontrola izango da horietako bat. Baita estatuek herritarrei natur hondamendien aurrean emango dieten babes maila ere. Denen mesederako, estatu bakoitzak aldamenekoarekin lan egin beharko du, hura ahultzen saiatu beharrean.



 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.