2003ko balantzea izeneko txostena kaleratu zuen atzo Mugarik Gabeko Kazetariak (RSF) nazioarteko erakundeak. Haren arabera, iaz, ugaritu egin ziren adierazpen askatasunaren aurkako erasoak. RSFk dioenez, 2003an, 42 kazetari hil duela bi urte baino 17 gehiago, 766 inguru atxilotu eta 1.460 eraso edo mehatxatu zituzten. «Adierazpen askatasunaren aurkako erasoak gehitu izana terrorismoaren aurka hartutako neurriekin lotu behar da. Ondorioz, atxilotutako kazetarien eta zentsuratutako komunikabideen kopuruak ere gora egin du», dio RSFren txostenak.
Erakundearen arabera, gainera, Ekialde Hurbileko, Asiako eta Afrikako kazetariak dira oztopo gehien izan ohi dituztenak. Iranen, adibidez, iritzi edo karikaturaren bat argitaratzeagatik kartzela zigorra ezarri dezakete. «Afrikako herrialde gehienetan, berriz, adierazpen askatasunaren aurkako erasoak gerra zibilarekin eta diktadurarekin daude loturik», dio dokumentuak. «Eritrean, esaterako, 14 kazetari daude kartzelan eta ezinezkoa da haien egoerari buruzko informaziorik jasotzea. Horrez gain, estatu horretan prentsa ofiziala soilik argitara daiteke», dio.Europako Batasunari dagokionez, berriz, Italiaren kasua aipatzen du RSFk. Nazioarteko erakudearen arabera, Silvio Berlusconi Italiako presidente eta komunikabide ugariren jabe izateak «aniztasuna arriskuan jartzen du». «Aniztasuna oinarrizkoa da adirazpen askatasuna egon dadin. Italian, baina, komunikabide gehienak Berlusconiren esku daude, eta beraz, Gobernuaren aldekoak dira», nabarmentzen du erakundeak.Mugarik Gabeko Kazetariak erakundearen arabera, bestalde, iaz aurreko urteetan baino kazetari gehiago hil zituzten. Horietatik 14 Ekialde Hurbilean, Iraken. «AEB Ameriketako Estatu Batuetako Armadaren erruz hil ziren horietako bost kazetari. Baina gaur arte, ez dute haien heriotza ikertzeko asmorik agertu», salatzen du dokumentuak. «Gerra hasi eta hirugarren egunerako, berriz, Erresuma Batuko ITN telebistarako lan egiten zuten bi kazetari desagertu ziren. Sei izan ziren arrastorik utzi gabe desagertu ziren kazetariak».Filipinetan ere «arazo larriak» dituzte kazetariek euren lana egin ahal izateko. «1987az geroztik, iazkoa izan zen urterik arriskutsuena. Zazpi kazetari hil zituzten ustelkeria kasuak eta gaizkile taldeei buruzko artikuluak argitaratu nahi izateagatik», dio erakundeak.
Atxiloketa kopurua gora
RSFren arabera, urtarrilaren 1ean 124 kazetari zeuden mundu osoko kartzeletan. «Kuba, Birmania, Eritrea eta Iran dira kazetari gehien atxilotzen dituzten herrialdeak. 2001az geroztik gora egin du atxiloketa kopuruak. Duela hiru urte 489 izan ziren eta 2002an, berriz, 692.», dio dokumentuak.
Asiako estatuen artean, Birmania da azken urteetan kazetari gehien atxilotzen diren estatuetako bat. «Gehienak demokraziaren aldeko artikuluak idazteagatik kartzelatzen dituzte», dio txostenak. Iranen, berriz, 50 kazetari inguru kartzelatu zituzten. «Kazetarien aurkako epaiketak lekukorik gabe egin ohi dira Iranen. Kasu askotan, hilabeteak igarotzen dituzte inkomunikaturik epaiketa egunaren zain», salatzen du erakundeak.
«Kazetarien aurkako erasoak ez ezik, zentsura ere eguneroko arazoa da zenbait herritan. Txinan, adibidez, disidentzia, ustelkeria, pneumonia atipikoa eta hiesari buruzko informazioari dagokionez, Gobernuak emandako datuak soilik argitara daitezke», dio dokumentuak. RSFren arabera, antzeko egoera da Birmaniakoa ere. «Publikatu aurretik zentsoreak irakurri behar ditu artikuluak Birmanian. Haren esku dago azken erabakia».
Erakundeak gerrak sortutako arazoak ere nabarmentzen ditu txostenean. Liberian, adibidez, bi kazetari hil eta hainbat zauritu eta bahitu eragin zituzten enfrentamenduek. Sudanen ere egoera antzekoa da. RSFk dioenez, Gobernuak kontrolatzen ditu gerra zibilari buruzko datuak.
Komunikabideen aurkako erasoak ugaritu egin dira
2003an, 42 kazetari hil eta 766 inguru atxilotu dituztela salatu du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu