ARRANTZA

«Koralak zaindu behar dira, arraina jango badugu»

DONOSTIA
2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Ricardo Aguilar Oceanako ikertzaileari galdetu diogu itsasoak babesteko lege honen inguruan.

Espero al zenuten berria?

Luzaro jardun dugu lanean, eta inoiz ez dugu itxaropena galdu. Garaipen handia izan da, zalantza barik. Aurrerapauso handia eman dugu, baina lanean jarraituko dugu, leku asko babestu behar direlako oraindik. Arrantza modurik suntsigarriena da arrasteko arrantza.

Aleutianako kasuan, baina, debekua ez da erabatekoa, ezta?

960.495 kilometro koadroko itsas eremua babestu dute, eta hor erabat mugatu dute arraste arrantza. Arrantza iraunkorraren alde egiteko modu bat izan da hori. Orain arte, arrantza tradizionala eta baxurako arrantza egin zuten bakarrik eremu horretan, baina gero eta arraste ontzi gehiago ikusten genituen han. Itsas eremu zabalak «hustu» dituzte, eta Aleutianako itsas hondoko ekosistema ere hondatuko zuten beldur ginen. Hala, arraste arrantza mugatzeko exijitu genuen. Babestutako eremu horren %10ean egin ahalko da arrasteko arrantza. Asmo handiko kudeaketa plana zen gurea, arrantza flota osoaren interesak eta itsas hondoak babesteko interesak uztartzen zituelako. Eta, azkenean, oso-osoan onartu du Pazifiko Iparraldeko Arrantza Kudeatzeko Batzordeak.

Lanean jarraituko duzuela diozu. Zein da hurrengo egitasmoa?

Azoreetatik Kanariar uharteetara arteko itsas eremua babestu edo ez aztertzen ari da orain Europako Batasuna. Itsas eremu hori ez dago oso hondatuta, arrasteko arrantza galarazita egon delako han. Orain, baina, arraste arrantza baimentzeko eskatu dute batzuek. Hala ere, Europako Arrantza ministroen azken bileran debekuari eustea erabaki zuten, baina aldi baterako. Alaskakoaren moduko zerbait lortu arte jarraituko dugu lanean. Europan halako gune asko daude.

Adibidez?

Kantauri itsasoan ere ekosistema garrantzitsuak dituzue, Bizkai parean. Koralezko arrezife handiak dira, baina arriskuan daude, arraste arrantzaren ondorioz. Gero eta sakonera handiagoetara iristen dira; 1.000 metroko sakonerara, bai. Hala, itsas hondoko ekosistema horiei kalte egiten ari zaizkie. Ezinbestekoa da koralezko arrezife horiek babestea, gure ondorengoek arraina jango badute. Euskal Herrian arraste arrantzatik babestutako bi gune dituzue: bata, Hondarribi parean, eta bestea, Gipuzkoako Getaria parean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.