Charles Darwinen eboluzionismoaren aurka Ameriketako Estatu Batuetako eskuin erlijiosoek bultzaturiko «diseinu adimentsuaren» teoriak porrot eta garaipen eguna izan zuen atzo. Pennsylvaniako Dover herriko herritarrek zortzi errepublikano kanporatu zituzten hango eskolako zuzendaritza batzordea aukeratzeko bozketan, «diseinu adimentsua» bultzatzeagatik. Kansasen, berriz, kontraerasoa jo dute kreazionistek, eta eboluzioa zalantzan jartzen duen hezkuntza egitasmoa onartu dute.
Dover herriko 11 gurasok euren haurren eskolako batzordea salatu zuten 2004ko urrian, horrek erabaki zuelako Darwinen eboluzioaren teoriarekin batera «diseinu adimentsua» irakatsiko zutela. Teoria horrek gizakia eboluzio hutsaren ondorioa dela baztertzen du. Organismo konplexuak ezin direla zoriz sortutakoak izan dio, eta «diseinatzaile adimentsu» batek sortu dituela proposatzen du. Iazko urrian eskolako batzordean bozketa egin zuten eta hiru botoren aldearekin haurrei zientzia ikasgaian teoriaren berri ematea onartu zuten. Harrezkero, auzitegietan dago gaia, eta urtarrilerako espero da ebazpena.
Kansas, 6-4
Kansasko Hezkuntza Batzordean, bitartean, bi botorengatik (6-4) gailendu ziren kreazionismoaren aldekoak, eta «diseinu adimentsua» eskoletan azalduko dela erabaki zuten. 1987an kreazionismoa irakastea galarazi zuen AEBetako Auzitegi Nagusiak «sasizientzia» dela iritzita. Diseinu Inteligentearen bultzatzaileak beste bide bat bilatu nahi dute, kreazionismoa ikasgeletan sartzeko. Dagoeneko ez dute esaten diseinatzailea Jainkoa denik eta «agnostiko eta zientifiko» gisa aurkezten dute euren teoria.
AEB
Kreazionismoa eskolan sartu nahi zutenak zigortu dituzte boto-emaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu