Damia Barcelo katalana Europako 15 herrialdek osaturiko Aquaterra egitasmoko Monitor taldearen sortzailea da. Talde horrek aztertuko ditu kontinenteko bost ibai, botika arrunten hondakinek eragiten duten kutsadura ikertzeko. Prestige petroliontziaren hondamendian zientzia aholkularia izan zen Barcelo. Egun, Ebro ibaiaren egoera aztertuko duen taldea zuzentzen ari da.
Zergatik aukeratu duzue Ebro ibaia?
Europako hegoaldeko ibai bat aukeratzeko eskatu zidaten, eta nik Ebro hautatu nuen, dagoeneko askotan ikertu dudalako. Urteak daramatzat Kataluniako partea aztertzen, eta baita beste estazioak kontrolatzen ere, besteak beste Euskal Herrikoak. Arazoa ez da bereziki larria Ebron. Orain arte nekazaritzatik eta industriatik etorritako kutsadura aztertu izan da. Informazio asko dago. Orain botiken eragina ikertuko dugu eta hau gauza berria da.
Oso larria al da egoera?
Kutsagarri berriak esaten zaie, gaia berria delako. Hirietan sorturiko arazoa da, eta araztegiak dira sarrera puntuak. Alemanian duela lauzpabost urte piztu zen larrialdi argia. Populazioa zahartu ahala, gero eta botika gehiago hartzen dira; arazoa, beraz, handitzen ari da. Oraingoz ez du zertan ezer gertatu. Ez dago arriskurik gizakion osasunarentzat. Ingurumenean, ordea, epe luzean zer eragin duten jakitea garrantzitsua da.
Sendagaiok gizakiaren elikadura katean berriz sartzea posible al da?
Zaila da. Edateko uraren tratamendua oso zorrotza da. Ureztatzeko ura ez da tratatzen, ordea. Arrisku guneak egongo dira, erietxeen inguruan, esaterako, edo errekak ur gutxi daramanean, kontzentrazioak handitu daitezkeelako. Edonola ere, gaiok ez dira DDT edo bestelako kutsagarriak bezalakoak, hau da, ez dira gorputzean pilatzen. Antibiotikoen gaia, berriz, oso kezkagarria da. Zerrien txizak, esaterako, lurrazpiko uretara pasatzen badira, antibiotikoak pila ditzakete urotan. Hortik edaten badugu, bakterio erresistenteak gara ditzakegu. Erreketako landare eta animalietan eragina dutela ez dago zalantzan. Bidaiatzeko ahalmen handia dute gaiok. Euskal Herrian norbaitek gernu bidez kanporatu eta Mediterraneoan buka dezakete. Alemanian aurkitu dituzte koipeak erregulatzeko gaiak Iparreko Itsasoan.
Zer egin daiteke isurketok kontrolatzeko?
Politikariek esaten dute legerik ez dagoela horretarako. Lauzpabost urte barru lege batzuk aterako direla uste dut, gaiak kezka eragiten duelako Europa osoan. Araztegietan inbertsio handiak egin beharko dira, egungo filtroek ez dituztelako gaiok gelditzen. Horrez gain, erietxeak estu kontrolatu beharko dira. Botikaren bat merkatutik atera beharko dute. Izan ere, beste konponbidea ezartzea askoz zailagoa da: gure komunak berriz diseinatzea, gernua eta gorozkiak bereizteko.
BOTIKEK ERAGINDAKO KUTSADURA. DAMIA BARCELO
«Legeak egin beharko dituzte, eta botikaren bat erretiratu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu