Lehen urteetan baino ez zuen izan urik Martek

Planeta gorriaren aro geologikoen bereizketa egin dute 'Mars Express' zundari esker

ARANTXA IRAOLA - DONOSTIA
2006ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Mars Express zundak Martetik bidalitako irudiei esker, planeta gorriko mineralei buruzko informazio ugari jaso dute Europako Espazio Agentziako (ESA) adituek azkenaldian. Horrekin Marteko aro geologikoen bereizketa egin dute. Hiru aro bereizi dituzte, bai eta bataiatu ere: Phyllocian aroa, Theiikian aroa, eta Siderikan aroa. Zientzialarien arabera, izatekotan, lehenengo aroan eta bigarrengoan baino ez zen izan ura Marten. Aspaldi. Orain 3.500 miloi urte hasi zen hirugarren aro geologikoa, eta ordutik, han ez da urik.

Mars Express zundako Omega espektometroak bidalitako informazioari esker egin dute ESAn aro geologikoen bereizketa. Marteko gainazalaren %90en informazioa igorri du Lurrera, eta doitasun handiz ikusi ahal izan dute ikertzaileek zer mineral klasez osatuta dagoen. «Lehen aldiz ikusi ahal izan dugu Marteko historia, dituen mineralen arabera», eman du aditzera Omega gailuaren informazio aztertzen ari den taldeko buru Jean-Pierre Bibring ikertzaileak.Lehenengo aroan mineral lohitsuak nagusitu zirela esan dute, eta ura ugari behar zutela ondorioztatu dute; bigarren aroan sulfatozko mineralak nagusitu ziren, sumendien jardun bortitzaren ondorioz; hirugarrengoan, burdin oxidoak agertu ziren, urik behar ez duten mineralak. Egun, oraindik, aro horretan dago planeta gorria. Basamortu hotz eta lehorra da.«Hiru aroak dira garrantzitsuak, hirurek Marteko historiaren berri ematen digute», eman du aditzera Bibring irakasleak. Ikertzen jarraitzeko asmoa dute. Batez ere, Marteko historiako lehen urteetako mineralak aurkitu dituzten lekuetara begira jardun nahi dute orain, hantxe irudika baitaiteke ur ugari zuen planeta gorria. Asmo horrekin, lanean jarraitzeko, gailu berri bat atontzen ari dira: «MicrOmega». 2011. urtean Martera bidali nahi duten ExoMars zundan jarriko dute.«Lohian oparoak diren mineral ugari dituen leku batera bidali nahi dugu zunda. Pentsatzen dugu hor errazagoa dela balizko bizitza aztarna mikroskopikoak aurkitzea...», adierazi du Bribingek.

Ez da lehenengo sailkapena

Honako hau ez da Marteko aroen inguruan ikertzaileek egiten duten lehenengo sailkapena. Honen bereizgarria da mineralak aztertuz egin dutela. Aurretik, planetako kraterrak aztertuta egindako sailkapen bat ere bada: Noachian, Hesperian eta Amazonian aroak bereizi zituzten.

Oraindik ez dakite argi adituek bi sailkapenen artean zein klasetako parekotasunak dauden.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.